Abuztuaren 10ean beteko dira ehun urte Manuel Santa Kruz Loidi Kolonbian hil zela. Herrikide izan zutenaren heriotzaren mendeurrena okasio aproposa iruditu zaie elduaindarrei herriaren historiaren inguruan hausnartzeko, eta aurtengo urtean zehar egin daitezkeen ekitaldiak pentsatzeko. Horretarako, udalak bilera deitu du larunbaterako, 19:00etan, udaletxean; herritar guztiak gonbidatu ditu.
Elduainek parte hartzen du Aranzadi Zientzia Elkartearen Tolosako setioa eta Belabietako bataila ikerketa-proiektuan. Historia doktore den Karlos Almorzak zuzentzen du ikerketa, eta dagoeneko dokumentazio ugari bildu du gaiaren inguruan, –baita Santa Kruz apaizari buruz ere–. Herritarrak aktibatu eta gaian sakontzeko, Aranzadik eskura jarri dien aukera baliatu nahi dutela esan du Maite Bizkarrondo Elduaingo kultura zinegotziak. «Erronka ederra da gure historiaren kontakizuna guk geuk idaztea».
Urteurrena aitzakia baino gehiago dela nabarmendu du zinegotziak, historia ezagutzeko bide izan daitekeela: «Ezer gutxi dakigu Karlistaden inguruan. Urria da iritsi zaigun informazioa, eta, gainera, hala nola kontatutakoa; gehienetan kanpotik eta irabazleen ahotik jaso dugu historia».
Santa Kruz apaizaren inguruan ere ezer gutxi dakitela nabarmendu du kultura zinegotziak: «Gauza asko esaten dira, eta, gehienak, gainera, haren aurkakoak. Alde batekoek zein bestekoek uzten dute toki txarrean. Kontuak edonola direla ere, uste dugu Euskal Herriko historian izan zuela zeresana, eta gehiago jakin nahi genuke gure herriko seme izan zenari buruz». Eskualdeko Hernialden ere gogoan dute Santa Kruz; haren izena darama herriko plazak, 1866an hara bidali baitzuten erretore lanak egitera.
Gainerakoan, jakina da Kolonbian hil zela 1926an, Nariño departamenduko Pasto hirian. Urte hasieran udalak Aranzadiri eskatu zion azter zezala ea baden aukerarik gorpuzkiak Euskal Herrira ekartzeko. «Gauza bat guk nahi izatea da, eta beste gauza bat haren borondatea; baliteke horri buruz zerbait idatzita uztea, edo ondorengoek horrelakorik nahi ez izatea. Epe motzean gauzatzeko zaila ikusten dugu, baina, aukera esploratu nahi dugu behintzat», azaldu du kultura zinegotziak. Almorza hasia da aukera aztertzeko lehen urratsak ematen.
Aurrekariak 80ko hamarkadan
Udal ordezkariek azpimarratu dute aurretik ere gogoratu izan dutela Santa Kruz apaiza Elduainen. 1980ko hamarkada hasieran, esate baterako, kultur astea antolatu zuten Urdelar biltokian, eta, besteak beste, Joxe Azurmendi, Jokin Apalategi edo Paulo Iztuetak eman zituzten hitzaldiak. Remigio Mendiburu, Eduardo Chillida, Rafael R. Balerdi eta Jose Luis Zumetaren lanekin osatutako arte erakusketa bat ere jarri zuten ikusgai, eta astea borobiltzeko, II. Gerra Karlistako desfile militarra egin zuten. Egitaraua herri bazkariarekin, trikitilariekin eta bertsolariekin osatu zuten.
Orduko argazkiak, kartelak, artikuluak, arropak eta bestelakoak bildu nahi ditu udalak, eta, horretarako materialak udaletxera eramateko eskatu dute. Oraingoz, ordea, ez dute erantzunik jaso. Larunbateko bilerara ere eraman ditzaketela esan du kultura zinegotziak: «Guztion memoria zatiak elkartuta ea gai garen duela 45 urte pasa egin ziren ekitaldiak gogoratzeko». Oraingoz, Urdelar biltokiko albumetan begiratuta erreskatatu dituzten argazki batzuk baino ez dituzte esku artean.
Larunbateko bilera iraganari begiratzeko ez ezik, aurrera begira jartzeko baliatuko dute. Ez dute proposamen zehatzik egingo, baina udal ordezkariak prest daude zerbait antolatzen bada, horretan laguntzeko. «Herritarren esku utziko dugu. Taldetxo bat sortzea nahi genuke iraunkorki herriko ekimenetan parte hartzeko. Badakigu zaila dela gaur egun jendea aktibatzea, baina guraso taldea animoso dabil, eta haien arrimuan jende gehiago animatuko balitz, aztertu genezake urtero ekitaldiren bat antolatzea. Saiatu gabe, behintzat, ez gara geratuko».
Aurten, aitzakia parez pare egokitu zaie: Santa Kruz apaizaren heriotzaren mendeurrena. Data horren inguruko lanketa egin eta ekimenak lantzeko abagunea izango dute larunbateko bilerara joaten direnek, eta, batez ere, lagunduko dute aurrerantzean beste gogoeta batzuk pizteko elkargune bat sortzen.
1980ko hamarkada hasieran Elduainen egin zuten antzerki-desfileko irudiak. ATARIA



