Atariak berriki egindako elkarrizketan, Oihana Amundarain Elduaingo alkateak azaldu zuen herriko jaien hasiera iragartzen duen txupinari «beste alaitasun bat» emateko asmoarekin, basurdearen jaitsiera egitea erabaki zutela aurten. Garai batean hala egiten omen zen, eta beraz, usadio zahar hori berreskuratu nahi izan dute gaur, suziria lehertu ondoren.
Behin basurdea plaza ingurura jaitsi denean, gozokiak jaurti ditu, eta palestinar herriari elkartasuna adierazteko bandera erakutsi du. Gero, gozoki gehiago bota dituzte udaletxeko balkoitik, eta haurrak horiek hartzeko ahalegin betean aritu dira. Herriko buruhandi eta erraldoiak ere atera dira plazara. Jaien hasierako ekitaldiari amaiera emateko, eguerditik kozinatzen hasi diren 30 kilo patata, 5na kilo piper eta tipula eta 17 dozena arrautzako tortilla erraldoia dastatzeko aukera izan dute herritarrek.
Honakoa da datozen ordu eta egunetarako egitaraua:
Egitaraua
Irailak 5, ostirala
- 19:30-20:30. Fan&Go taldearekin erromeria.
- 23:00-01:00- Fan&Go taldearekin erromeria, eta ondoren, Mondongo DJ-a.
Irailak 6, larunbata
- 10:30. Umeentzako jolasak.
- 11:30. Haurren I. Kros Herrikoia.
- 14:00. Herri bazkaria eta ondoren, bingo herrikoia.
- 15:30-18:30. Puzgarriak eta apar festa.
- 19:00. Alarma Morea taldearen kontzertua.
- 23:00-02:00. Ahantzi taldearekin erromeria, eta ondoren, Mali DJ-a.
Irailak 7, igandea
- 11:00. Gaztetxoen Toka Txapelketa.
- 11:30. Helduen Toka Txapelketa.
- 12:00. Sardina, Ibarrako Langostino eta txorizo jatea, txakolina eta sagardoarekin.
- 17:30. Txokolate beroa eta Elduain eta Berastegiko gaztetxoen arteko herri kirolak.
- 18:00. Tio Teronen semeak taldearen Haurreskolari ikuskizuna, eta ondoren, Joxe Mari Mendizabalekin erromeria.
Irailak 8, astelehena
Andra Mari Eguna
- 12:15: Meza Nagusia eta ondoren, hamaiketakoa.
- 17:00. Zirkun konpainiaren Loraldia zirku ikuskizuna.