Lehian hasi dituzte festak Elduinen

Irati Saizar Artola 2023ko irailaren 8a

Txupinazoa lehertu eta jarraian herri kirolak egin dituzte; herrian jaiotakoak talde batean eta herrira bizitzera etorritakoak beste taldean, nor baino nor.

Hasi dituzte festak Elduainen. Itzala bilatu ezinik gerturatu dira herritarrak plazara, eta hala lehertu da txupinazoa, udaletxeko balkoitik. Buruhandiak eta zezentxoa ere atera dira haurren atzetik ibiltzeko asmotan, eta bat eta beste harrapatu dituzte, parkean edota elizaren bueltan.

Ondoren etorri da herri kirol jaialdia. Bi taldetan banatu dira herritarrak: kolore zuriz, herrian jaiotakoak, eta kolore beltzez, herrira bizitzera etorritakoak. Kirol ezberdinak erreleboka uztartuz, lau itzuli egin behar izan dituzte denera. Lehia estua izan da azken momentura arte, eta gutxigatik, baina herrian jaiotakoak izan dira garaile. Xanpainarekin ospatu dute garaipena. Ondoren, sokatira saioa egin dute bi taldeek.

Bien bitartean, tortilla erraldoia prestatzen aritu dira, karpa baten azpian, beste hainbat herritar. Herri kirolak amaitzerako, prest zuten tortilla eta pintxoak banatu dituzte ondoren, Izer eta Alabier trikitilariek alaiturik. Afalostean erromeria izango dute Iratzar taldearekin.

Hona hemen datozen egunetarako egitaraua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!