«Pentsarazten duten irudietan dago argazkilaritzaren benetako balioa»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko uzt. 23a, 07:58

Pedram Yazdani Hejazi, Elduainen bizi den argazkilari eta bideogile irandarra. JOSU ARTUTXA

Gaur egun Elduainen bizi bada ere, asiarra da jaiotzez Pedram Yazdani Hejazi (1979, Iran) argazkilari eta bideogilea. Pasioz bizi du bere ofizioa, eta argazkilaritzari esker asko ikasi duela dio. Udako Argazki Lehiaketari begira, aholku eske jo dugu beregana.

Nondik datorkizu argazkiak egiteko zaletasuna?

1998an egin nituen nire lehen argazkiak, trenez egindako bidaia batean, nire amak oparitutako kamerarekin. Gero, sei hilabeteetarako Indiara joan nintzen, eta bertan ere argazkiak egiten aritu nintzen. Inoiz ez dut une horietan bezainbeste gozatu argazkilari modura, argazkiak pentsatu gabe egiten nituelako, intentzio jakin bat izan gabe eta askatasun osoz.

Argazkilari profesionala kontsideratzen zara?

Ez nuke esango kontsideratze kontua denik. Ni argazkilaritzaz bizi naiz, eta beraz, profesionala naiz. Beste kontu bat da, profesionala izanik, ona ala txarra izatea. Hala ere, profesionala izateko ez da beharrezkoa argazkilari oso ona izatea.

Zein argazki mota egiten duzu?

Zazpi urte nituela, Irandik Madrilera joan nintzen. Telekomunikazioko ingenieritza-ikasketak egin nituen bertan, baina neure burua arlo horretan ikusten ez nuela ohartu ondoren, fotokazetaritzan espezializatzeko masterra burutu nuen, Danimarkan. Hasieran ez ninduen batere erakartzen, baina gerora, ikaragarri ikasi nuen. Oso interesgarria izan zen.

Argazkilari bezala hasi nintzenean, egiten nituen bidaietako irudiak egiten hasi nintzen, baina gero, fotokazetaritzari heldu nion. Gizartearen egoera nolakoa den aurkezteko balio dute; eskaera handiko lana da, baina aldi berean, asko betetzen nau. Orain esango nuke beste mota bateko argazki asko fotokazetaritzan oinarritzen direla, horren adierazgarri dira behintzat.

Eta nolakoak dira zure gustukoenak?

Pentsarazten duten irudiak. Hor dago argazkilaritzaren benetako balioa. Hausnartzeko bidea ireki dezala, erakutsi dezala egileak argazkia egin aurretik ere asko pentsatu behar izan duela.

Ba al dago irudiren bat, orain arte egin ez duzuna, eta egitea gustatuko litzaizukeena?

Argazkilariok bizitza osoa igarotzen dugu argazki jakin bat egin nahian. Buruan izaten dugu, eta zorionez, ez duzu inoiz egiten, bestela ez luke ondorenik izango. Errealista izanda, naturarekin eta ingurumenarekin lotutako argazki gehiago egitea gustatuko litzaidake, batez ere, biologia arlokoak.

Zer behar du argazki batek, ona izateko?

Argazkilaritza alor subjektiboa da. Ez zait iruditzen edozein argazki ona edo txarra denik. Niri ona iruditu ahal zait, baina beste norbaiti agian ez. Begiradak harrapatzen dituen modu batera argiztatuta egotea, laukiratze interesgarria izatea edota informazio gehigarri baliotsua gordetzea. Horietako faktoreren bat izan beharko luke. Halaber, soiltasuna ere oso ederra da askotan.

Ona, polita, egokia... ez da erraza zehaztea, ezta?

Hori da. Horregatik, epaimahai bat izaten da lehiaketetan. Berak erabakiko du zein den argazki irabazlea, baina arrazoi ezberdinengatik.

Zein faktore da garrantzitsuena irudi batean?

Bat bera ere ez, eta denak. Enfokatu gabe, ezohiko argiztapenarekin edo laukiratze arraroarekin egon daiteke, eta era berean, zoragarria izan. Une jakina aukeratzea da garrantzitsuena. Oporren kasuan, zerbait gertatzen ari dela erakusten dutenak dira adibide onena. Oporretan ere, irudiak egin beharra eskatzen ez duten une asko izaten dira, interesgarriak izanda ere, oroimenean gordeta geratzen direlako.

Urteko zein garai edo sasoi izaten da aproposena argazkiak ateratzeko?

Pertsonalki, oso gustuko dut egunsenti edo ilunabarreko argia, eguzkiaren argia alde batetik sartzen delako, eta beraz, itzalak ere leunagoak direlako. Ondorioz, negua aukeratuko nuke, eguzkia ez delako orain bezain goian egoten.

Amaitzeko, zein aholku emango zenizkieke gure argazki lehiaketako partaideei.

Sortzaileak izan daitezela, eta inspiratu daitezela beste argazkilari batzuetan. Baina batez ere, lehiaketan pentsatu gabe egin ditzatela irudiak, eta goza dezatela momentuaz, argazki bat nahi duzulako egiten duzunean gozatzen duzu-eta gehien.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!