Karearen sorlekua bistan

Irati Saizar Artola 2020ko ira. 8a, 20:00

Karobi bat berreskuratu du Burdina taldeak Elduainen, eta sua hauspotzeko lekua ere aurkitu dute lehen aldiz.

Azken urteetan herriko ondarea berreskuratzeko lanetan ari dira Elduainen. Hamar urte daramatzate Burdina taldekoekin elkarlanean herriko errota zein karobiak berreskuratzen, eta Allanegiko karobia da txukundu duten azkena. Berez, duela urte batzuk egin zituzten berreskuratze lanak, baina zuhaitz bat gainera erori zitzaionez, berriro atondu behar izan dute. Lan horietan, karobia hauspotzeko elementua aurkitu du Burdinak, lehen aldiz. Goizean eman dituzte karobi horren inguruko xehetasunak , Joseba Urrutia eta Ander Otaño Burdina taldeko kideek, eta Oihana Amundarain Elduaingo alkateak.

Urte asko egin behar dira atzera karobi bat ketan ikusteko. Izenak dioen moduan, karea ateratzen zuten bertatik. Begetazioak azkar estaltzen duela eta, «ahaztuta» geratutako elementuak direla zioen Urrutiak: «Jendeak ez daki garai batean zeinen garrantzitsuak ziren karobiak». Azken urteetan zabortegi moduan erabili izan direla azaldu dute.

Mendi aldean, baserritik gertu zeuden elementuak direla esan du Otañok. Elduaingoaren kasuan, Allanegi baserritik gertu dago kokatuta, eta horregatik du izen hori. «Monumentu bat, gure izaera esplikatzen duen elementua da karobia», azaldu du. Urtean behin pizten omen zituzten karobiak, guztiak momentu bertsuan, apirila maiatza aldera. «Astebeteko jardunaldia izaten zen, konstantea», argitu du Otañok. «Inguruko baserrietako kideek hartzen zuten parte, auzolanean elkartzen ziren gero beharrak asetzeko erabiliko zuten karea ateratzera». Gaur egun, ondare moduan ikusi arren, «garai bateko industria» modura deskribatu dute.

Milaka kilo egur bildu behar izaten zuten lehenik, sua egin eta astebetean piztuta mantendu ahal izateko. «Karobi zuloaren behe aldean egurra jarri eta harriekin kupula moduko bat osatzen zuten, ondoren goiko alde guztia harriz bete eta tenperatura altuan karea sor zedin», azaldu du Otañok. «Garai bateko karegileak artisauak ziren, ezagutza handia zuten». Belaunaldiz belaunaldi transmititu zen ezagutza izan zela argitu zuen, galdu zen arte.

KAROBIA ETA KAREA

Karobien egitura harearrizkoa izan ohi dela azaldu du Otañok, «tenperatura altuak hobeto jasateko». Inguruko mendietako harriak erabiltzen zituztela ere esan du. Allanegiko karobiaren kasuan, 3,5 metroko altuera du. Eta badu ezaugarri berezi bat: Burdina taldeak estreinakoz aurkitu du karobiaren hauspo lekua, «suak arnasa hartzen duen lekua». 5,5 metroko luzera du, eta bistara atera dute.

Kareak berak zuen garrantziaz ere mintzatu dira. Behin karea aterata, alde batetik, lurrean eta baratzeetan botatzeko erabiltzen zela argitu dute, «lurrari kaltzioa ematen zion eta uzta hobetzea ekartzen zuen horrek». Etxeak eta fatxadak margotzeko ere erabiltzen zutela esan dute, eta horregatik direla gaur egungo inguruko baserriak fatxada zurikoak. «Gaur egun hormigoia ezagutzen den moduan, garai batean, eraikuntzarako ere erabiltzen zen karea, harri bat bestearekin itsasteko». Horrez gain, abereentzat ere erabiltzen omen zuten, hemorragiak mozteko. Orokorrean, «ongizatea» ekarri zuen.

EZAGUTZEKO AUKERA

Oihana Amundarain Elduaingo alkateak azaldu duenez, aurrerago triptiko bat egiteko asmoa dute. «Ondare historikoa diren hainbat elementu ditugu herrian berreskuratuta, eta ezagutzera eraman nahiko genituzke».

Elduaingo mendietan barrena sakabanatuta aurkitzen dira errota zein karobia, eta mapa moduko bat osatu nahi dute, ibilbide moduko batzuk diseinatu eta denentzat ikusgai jartzeko.

Era berean, Burdina taldeak urtero piztu ohi du karobia Andoainen duten gotorlekuan, eta urriaren 3an izango da hori ikusteko aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!