Baserritik

"Jendeak uste du barazkia oso merkea dela"

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko otsailaren 13a

Duela zazpi urte hartu zuen baserritik bizitzeko erabakia Eneko Imaz tolosarrak. Aldez aurretik Elduainen erosia zuen Allanegi baserria, eta Elhuyarreko lana utzi, eta baratze ekologikoa jarri zuen martxan.

Onartu du erabakia gogorra izan zela: "Baserritarra ez izanda ere, banekien baserria gutxi gorabehera zein egoeratan zegoen".

Kontsumo taldearekin hasi zen duela zazpi urte, eta taldeari eusten ari bada ere: "Kontsumo taldearenak uste dut goia jo duela, eta moda bat edo izanda". Bestalde, urtebete pasatxo darama Tolosako Azokan postua jarriz, eta gustura dago salmentarekin: "Ez dago garai bateko mugimendurik, baina pertsonalki laguntza polita egiten dit". 

Garaian garaikoak garrantzi handia du Imazena bezalako baserritarrentzat, eta garbi du: "Garaian garaikoaren jakintza asko galdu da".

Bere moduko pausu bat emateko zalantzan dagoenari begira "ondo pentsatu behar da zer bizimodu daramazun, eta zenbatekin pasatzeko prest zauden", dio. Era berean, ordea, "lan atsegina da, eta asko asetzen du", gehitzen du. Ez da damutu pausua eman izanaz.

Gizarteak hartzen dituen erabakietan baserritarrek ere txertatuta egon behar dutela uste du, eta "baten batzuk gurekin ere akordatu beharko lukete", mezua utzi du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!