Pasahitza (zaharra) Inauterizalea

"Hain globalizatuta dagoen musika estilotik kanpora geratu nahi izaten dugu"

Irati Saizar Artola 2020ko ots. 10a, 08:00

Inauterietako hitzordua inolaz ere galtzen ez duen horietakoa da Luis Egues (Elduain, 1967). Tolosarra ez bada ere, egun guztietan hartzen du tartea Tolosako kaleak zapaltzeko, eta lehen ez bezala, orain, egunak aprobetxatzen ditu.

Bereziki gogoko dituzu inauteriak?

 

Bai, oso. Urtean bi data ditut gogoko: bata sanferminak, eta bestea inauteriak. Inauteriak bereziki sakratuak ditut.

 

Tolosarra ez izanagatik barru-barrutik bizi dituzu?

 

Elduaindarra izan arren, bizitza sozial dezente egiten dut Tolosan. Beraz, Tolosako inauteria asko maite dut.

 

Txikitatik duzun ohitura da?

 

Txikitatik, bai. Tolosan ikasi genuen, kale erdi-erdian, eta orduan, Ostegun Gizenetik hasita oso barrutik bizitzea tokatu zitzaigun.

 

Ume garaitik hona, aldatu al da festa egiteko modua?

 

Asko aldatu da, nire partetik behintzat. Lehen, gazte garaian, gauari gehiago begiratzen genion. Hala ere, gazterik konturatu nintzen egunez ere bazela festa, eta ia urteak dira egunez aprobetxatzen ditudala.

 

Zein da egunik gogokoena?

 

Ostegun Gizena. Egun horretan bada giro bat, adinekoak direnak, gazteagoak direnak, tartean gaudenak, emakumeak, gizonak, denak batera ikusten diren egun horietako bat da, egun seinalatuetako bat. Aparte, urte guztian ikusten ez duzun jendea ere hor azaltzen da. Niretzat Ostegun Gizenak magia bat, xarma berezi bat dauka.

 

Elkartzeko egun bat, beraz.

 

Mahai girotik hasten den eguna izaten da. Zure lagunekin elkartzen zara, adibidez, bazkaltzeko edo afaltzeko. Txaranga ikustea, dantzatzea, ikusi duzun lagunarekin hitz egitea, trago bat hartzea... horrela definituko nuke Ostegun Gizena.

 

Egunez hasitakoa gauez ez al zaizu luzatzen?

 

Bai, gehienetan. Pasatzen dena da, urteak aurrera egin ahala, ez dugula hainbeste irauten.

 

Gainerako egunetan, karroza edo konpartsaren batean parte hartzen duzu?

 

Bai, igandean eta asteartean. Duela urte batzuk, egunez ateratzeko hautua egin nuenean, beste kuadrilla batekin juntatu nintzen, suertea izan nuen, eta ordu ezkero egunez ateratzen gara. Igandea mozorrotuta ateratzen garen lehen eguna da eta goiz-goizetik gogo biziz ateratzen gara.

 

Prest duzue guztia aurtengorako?

 

Bai, azken igurtziak ematea falta zaigu, baina kasik dena egina dugu.

 

Mozorrotzeko ideiak proposatu zalea zara?

 

Bai, gustatzen zait, nahiko saltseroa bainaiz. Gutxi gorabehera, urte batetik bestera pentsatzen dugu. Urte batean geratzen zaizkigun gabeziak jasotzen ditugu memoriako zerrenda txiki horretan, eta hortik hasten gara. Nahiz eta beti ideia onak ez izan, hortik arrankatzen dugu, eta gero taldean hizketan hasten garenean erantsi ahal zaizkion gauzak komentatzen ditugu.

 

Karroza fisikorik baduzue?

 

Plataforma txiki bat daukagu, bultzaka mugitzen duguna. Haren inguruan mugitzen gara gu. Gure taldearen oinarria gehienbat musikaren bueltakoa da. Hain globalizatuta dagoen musika estilotik kanpora geratu nahi izaten dugu, Euskal Herriko musika eta musika alternatiboa jarriz, hau da, kalean gutxiago entzuten dena. Horren bueltakoa izaten da bai gure disfraza, bai gure plataforma, eta baita gure pentsamoldea ere.

 

Mozorroari dagokionez, erositako mozorroak erabiltzen dituzue edo etxeko trapuak dituzue gogokoago?

 

Inoiz erosi izan du zerbait. Baina nahiago dut nik neuk prestatu eta osatutakoa, naturalki ateratzen zaidana.

 

Gogoan duzu inoiz jantzi izan duzun mozorrorik gogoko edo bereziena?

 

Mordoxka bat baditut, baina gogokoena eta asko gogoratzen naizena sadomasokistarena da.

 

Zer dela eta da gogoena, denbora hartu zenuelako prestatzen edo hura jantzita ondo pasatu zenuelako?

 

Bi ideiak daude barnean; bere osotasunean dut gogoko. Kuadrilla osoa berdin jantzi ginen,eta afari garaian sekulako barreak egin genituen. Gaua ere ezin hobeto joan zen, eta memoriaren txoko horretan oso maite jasota daukat mozorro hori.

 

Norekin pasatzen dituzu inauteriak?

 

Normalean lagunekin. Baina zortea dut familia ere lagunen barnean kokatzen dela momentu honetan. Beraz, biak uztartuta pasatzen ditut.

 

Inauterien bueltan, nola egiten dituzu Elduaingo joan-etorriak?

 

Goiz partean jaisten naizenean autoa eramaten dut. Baina gaua luzatzen bazait garraio publikoa erabiltzen dut. Oso ondo daukagu, erraz eta moduan, beraz, normalean hori erabiltzen dut.

 

Inauterietan zerbitzua zabaldu egiten dute.

 

Bai, eta behar dugu gainera. Zorionez edo txarrez, trago batzuk hartzen ditugu eta bueltarako ezin dugu gure autoa hartu. Taxia ere beti egoten da hor, baina zerbitzu publikoa horrela jarrita aprobetxatu egin behar da.

 

Orokorrean, inauterien bueltako zerbait aldatuko zenuke?

 

Gauza batzuk aldatuko nituzke, bai. Batetik, hizkuntza. Tolosa batean oraindik gaztelera gehiegi entzuten dut; mikrofonoak hartu eta sekulako hizketaldiak egiten dira gazteleraz. Beraz, euskara gehiago sartuko nuke. Bestetik, elkar jatea. Plataformek eta karrozek musika oso-oso altu jartzen dute, eta elkarrengandik oso gertu egoten dira. Badakit guztiok atera nahi dugula, badakit guztiok daukagula eskubidea, baina elkar jaten dugun momentu batean gaudela iruditzen zait. Azkenik, txarangarekiko errespetua aipatu nahiko nuke. Nik uste inauterien oinarria dela, txaranga, eta askotan ikusi izan dut txaranga pasatzerakoan karrozetako musika ez dela isiltzen. Txarangarekiko errespetu falta hori ez zait egokia iruditzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!