Hitzez Hitz

Egiten duzuna

Erabiltzailearen aurpegia Garikoitz Goikoetxea 2019ko urt. 27a, 13:00

Irakurtzen duzuna. Azken audientzia datuen arabera, Tolosaldean 13.000 lagunek irakurtzen dute euskarazko prentsa, TOLOSALDEKO ATARIA eta Berria. Euskaldun helduen erdiek ere ez.

Hazteko tartea badu kopuru horrek, jakina, baina oztopo batzuk bistan daude. Bat: kontsumo orokorra. Gero eta gutxiagok jotzen dute papereko hedabideetara. Bi: irakurtzeko zailtasunak. Euskaraz irakurtzeko gaitasuna kamustua dute euskaldun askok: ez zirelako euskaraz eskolatu, edo erdaraz irakurtzeko ohiturarekin atzendu egin zaielako gaitasuna. Hiru: ikusgarritasuna. Euskal prentsa ia El Diario Vasco adina irakurtzen da eskualdean, baina kalean eta eskualdeko iruditerian ez da hori nabari. Hara: eskualdeko taberna ia guztietan daude irakurgai erdarazko egunkariak eta, euskarazkoak, erdietan.

Entzuten duzuna. Euskarazko irratiak entzuteko ohitura dute 15.000 lagunek baino gehiagok. Irratia da euskarazko hedabideen indargune nagusia, nahiz eta bost herritarretik bik ez izan irratia entzuteko ohiturarik. Euskadi Irratia da, aldearekin, eskualdean gehien entzuten den irratia, eta gaztetxoen artean erreferentzia da Gaztea. Bost entzuletik hiruk entzuten dute euskarazko irratia. Hor ere badago tartea hobetzeko, kontuan hartuta, irakurtzeko zailtasunaren mugarik ez dagoela.

Ikusten duzuna. Euskarazko telebistek 11.000 ikus-entzule pasatxo dituzte eskualdean. Erronka nagusietako bat hor du euskarazko komunikazio esparruak: telebistako eskaintzan eta kontsumo ohituretan izandako aldaketetara egokitzea. Ezin da ahaztu telebista dela herritar gehienengana iristen den hedabide esparrua —eskualdean, lautik hiruk baino gehiagok ikusten dute egunero—, eta berebiziko garrantzia duela euskara indarberritzeko bidean.

Klikatzen duzuna. Internet aldaketa handiak ekartzen ari da komunikabideetara. Aukera da, herritar gehiagorengana iristeko bidea, baina zimenduak falta zaizkio: eskaintza ugaritu egin da, eta sareko kontsumotik diru iturriak lortzeko zailtasunak dituzte komunikabideek. Zabaltzen ari da dena debalde jasotzeko kultura.

Egiten duzuna. Ahalegin handia egin da eskualdean urteotan, eta hedabideen eskaintza beste inon baino handiagoa da Tolosaldean. Pauso gehiago emateko garaia da. Pausoak, komunikabideen sarea trinkotzeko; pausoak, erakundeen eta eragileen babesa sendotzeko; eta, pausoak, erdararako inertziak astindu eta euskarazko hedabideetarako hautua egiteko, hori baita hedabideen izatearen funtsa. Ondo dio TOLOSALDEKO ATARIAren leloak: Egiten duzuna gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!