«Astebeterako joaten banaiz, faltan sumatzen dut bigarren egunerako»

Tolosan bizi da Patxi Zeberio erremontista (Elduain, 1974), baina ez da sorterritik askorik aldentzen. Zeberiok ere Elduaingo lasaitasuna du gustuko.

Zer ematen dizu Elduainek, Tolosak ematen ez dizuna?

Batez ere, lasaitasuna aipatuko nuke. Nire tokia da; ume-umetatik ezagutzen dut, eta oso eroso sentitzen naiz han, dena da ezaguna… Ez naiz ni oso kale zalea ere, ez naiz taberna zalea…

Natura aldera jotzen dut, eta Elduainen besterik ez dago. Askoz erosoago sentitzen naiz Elduainen. Donostiara astebeterako joaten banaiz, faltan sumatzen dut bigarren egunerako. Astean zehar ere hirugarren egunerako ez banaiz igotzen, ez nago ondo; mendi buelta egin, herrikoekin hitz egin…

Tolosara praktikotasunarengatik jaitsi zara, hortaz.

Umeak eskolara eramateko, erosketak egiteko… Alde horretatik Tolosan hobe, bestela autoa hartu behar duzu denetarako. Baina ni mendi aldean hobeto nago, lasaiago.

Askotan joaten al zara?

Asko joaten naiz. Asteburu gehienetan han nago, eta astean zehar ere askotan joaten naiz. Familia ikustera joaten naiz, amaren etxera-eta, eta kuadrillako batzuk ere han bizi dira; aitzakia da hara joateko.

Zer aldatu da azken urteetan?

Nahiz eta herri txikia izan, gauzak aldatu dira; zerbitzu gehiago daude orain.

Jo dezagun lagun bat gonbidatzen duzula Elduainen egun-pasa egitera. Zer egingo zenukete?

Herria segituan ikusten duzu. Nik mendiren bat erakutsiko nioke. Leitzaran aldeko bailara oso polita da, eta baita Torrea deitzen diogun mendia ere. Elizak duen erretaula ere berezia dela esaten dute, baina ni ez naiz oso elizkoia. Ondoren, ostatura eramango nuke. Oso ondo jaten da bertan; kristoren abantaila daukagu, bertako produktuekin egindako etxeko jana eskura baitaukagu.

Festak izan berri dituzue; izan al zara?

Azken urteetan ez naiz joan, partidak nituelako, baina aurten aspaldiko partez oporrak hartu ditut garai horretan. Festetan ez da ezer berezirik egoten, baina jada herrian bizi ez diren askorekin biltzeko aukera egoten da.

Erlazionatuak

[Herriz herri] Elduain: Gustuko lekuan, aldaparik ez

Elduain

Andra Mari jaiak pasatu berri dituzte Elduainen. Giro jatorra izan dute, urteroko moduan, eta normalean lasai-lasaia den herria trikiti doinuek eta...

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!