Elduaingo Udalak web orria berritu du «erabilgarriago» egiteko

Maier Ugartemendia 2016ko maiatzaren 5a

Erabiltzaileentzat «ikusgarritasuna» lortzen saiatu dira web orrian, erabilera ere errazteko asmoz.

IZFEk eskainitako plataforma batetik abiatuta osatu dute udaleko web orria, eta udaleko informazioa biltzeaz gain herriari buruzko informazioa ere bildu dute.

Elduaingo Udalak web orria berritu du, www.elduain.eus helbidea mantentzen badu ere erabat itxuraldatuta aurki daiteke. Aurreko orrialdea «zaharkitua» gelditu zela diote udal ordezkariek.

IZFE, Informatika Zerbitzuen Foru elkarteak, eskainitako plataforma bat erabili dute, eta gero Elduaingo edukiez osatu dute. Irailean hasi ziren web orri berria osatzen; baina, eduki «dezente» sartu behar izan dituztenez, denbora behar izan dute erabat osatzeko.

Web orri berria ikusgarriagoa da, baina batez ere gauzak «argiago» izateak, behar den informazioa aurkitzea «errazagoa» egiten duela diote.

Erabiltzaileentzat web orria «erakargarriagoa» egitea zen helburua, «jende gehiagok» erabiltzeko, eta ohiko informazio edo dokumentazioetatik harago berriak, sare sozialetako loturak, agenda, etab. sartu dituzte. Alkateari zuzenean idatzi ahal izateko formulario bat ere aurki daiteke.

Alde batetik, udalari buruzko informazioa aurki daiteke: hirigintzako arauen planoak, tramiteak, udalaren egitura, mankomunitateak... Bestetik, herriari buruzkoa: herria ezagutzeko aukera, etxeen argazkiak, festetako argazkiak, bideoak...

Sare sozialen presentzia ere areagotu dute. Twitter, facebook eta youtube kontuak ditu udalak, eta herritarrek bertatik herriko informazioa jasotzeko «ohitura» izatea ere nahi dute.

Bestalde, web orri berriaren plataformarekin mugikorretan ere «ikusgarritasun» handiagoa lortu dute, eta alde horretatik ere «erabilgarriagoa» egin dute.

GARDENTASUN BILA

Web orri berriarekin «gardentasuna» ere bilatu nahi izan du udalak, eta horretarako eduki desberdinak sartzen saiatu dira: aurrekontuak, lan egutegiak...

Jendearen iruzkinak entzuteko «gogotsu» daude. Pixkanaka web orria osatzen jarraituko badute ere, herritarrek izan ditzaketen iritziak helarazteko eskatzen diete herritarrei, eta horretarako elduain.eus web orrian sartzeko «gonbita» egiten diete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!