Elduaingo urtaroak kamara atzetik ikusita

Maier Ugartemendia 2016ko martxoaren 11

Argazki lehiaketaren sari banaketa festetan. Gonzalo Arizmendi (1) eta Manu Gurrutxaga (2).

Kultura Batzordeak IV. Argazki Lehiaketa antolatu du, eta Elduaingo lau urtaroen argazkiak atera beharko dira

Argazkilaritza gustuko duten elduaindarrek erronka berria dute aurretik, datozen hilabeteetarako. Izan ere, Kultura Batzordeak IV. Argazki Lehiaketa antolatu du 2016. urterako. Argazki lehiaketako argazkiekin 2017ko egutegia osatuko dute.

Elduaingo herritar guztiei bideratuta dago lehiaketa, baina argazkiak ateratzerakoan kontutan izan beharko dute aurten argazkietan islatu beharko duten gaia: lau urtaroak Elduainen.

Epaimahaiak aukeratutako lehenen eta bigarren argazki onenek sariak jasoko dituzte 2016 urte bukaeran egingo den sari banaketan. Hala ere, parte hartzaile bakoitzak gehienez sari bakarra jaso dezake.

Argazki erakusketa

Lehiaketan parte hartzen duten argazkiekin, erakusketa bat antolatuko da azaroan zehar, eta argazkiak ikusi ondoren, herritarrek gustukoen dituzten argazkiei bozka emateko aukera izango dute, eta aukeratuekin 2017ko egutegia osatuko da. Aipatu, erakusketara teknikoki baldintzak betetzen dituzten argazkiak bakarrik iritsiko direla.

Hala ere, lehiaketan parte hartzeko interesa duten herritarrek epeei, baldintzei edo sariei buruz informazio gehiago eskuratu nahiko balute, horretarako aukera dute elduain.eus web orrian.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!