Hausnarketa eta ospakizuna lotuko dituzte Elduaingo emakumeek

Irudia: beldurbarik.org

Elduainen emakumeen egunaren harira, iganderako, autodefentsa tailer feminista eta bazkaria antolatu dituzte; izena biharko eman behar da

 

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira aldarrikapen eta ospakizun eguna antolatu dute martxoaren 6an, igandean. Autodefentsa feminista tailerra izango dute lehenik, 09:30etik 13:00etara, kultur etxean. Eta bazkaria 14:00etan, herriko kontsejuan.

Bazkaria egiteko ohitura «urterokoa» dela dio Maite Bizkarrondo zinegotziak, baina egun horretan «hausnarketarako» gune bat ere egon beharko lukeela pentsatu dute. Horregatik, aurtengoan bazkariaz gain, autodefentsa tailerra antolatzea ere erabaki zuten.

Tailerra 13 urtetik gorako emakume guztiei zuzenduta dago, eta Bizkarrondoren esanetan helburuetako batzuk «emakumeen aurkako biolentziatzat zer ulertzen dugun, eta norberak eta kolektiboki indarkeria horri nola erantzun hausnartzea» dira.

Tailerra «oso praktikoa» izango da, «norberaren esperientziatik abiatuta» egingo dena. Esperientziak eta gogoetak partekatu ondoren, guztien artean «ondorio batzuetara» iritsi nahi dute.

Gazteei gaia «erakargarria» egingo zitzaiela pentsatu zuten, eta horrela izan da orain arte izena eman dutenak gazteak izan baitira. Hutsunea helduagoak direnetan sumatu dute.

Tailerrean hogei pertsonentzat lekua dago, eta oraingoz hamabost lagunek eman dute izena. Hortaz, oraindik izena emateko aukera egon badago, eta bihar, asteazkena, izango da horretarako azken eguna. Interesa duenak udaletxera (943 683121 telefonora) deitu behar du.

Hausnarketarako gune «gutxi» egoten dira, Bizkarrondoren ustez. Hortaz, gune hauek aprobetxatu behar direla uste du, eta horregatik «gonbita» zabaldu nahi die interesa duten guztiei.

Aldarrikapenaz eta hausnarketaz gain, «ospakizuna ere garrantzitsua zela» ikusi zuten Elduainen, eta horregatik urteroko ohiturari jarraituz, herriko kontsejuan bazkaria egitea ere erabaki dute. Hau ere guztiz zabala izango da.

Bazkaria ere «elkargunea» izatea nahiko lukete, eta aurrera begira «elkartzeko edo zerbait egiteko» bidea egingo balitz aukera zabaltzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!