Kanikros herrikoiak esnatu du gaur Elduain

Ataria 2014ko irailaren 6a

Elduaindarrek festa giroa jarraitzen dute, eta atzoko ajeak alde batera uzteko Kanikros herrikoia izan dute lehenik eta behin.

11:15ean jaurtitako suziriek esnatuko zuten hainbat herritar, baina herriko txikienak dagoeneko plaza inguruan elkartuta zeuden. Kanikros taldeko kideak Elduainen izan dira eta adi-adi begiratzen zieten elizaren ondoko zelain zeuden txakurrei.

Txakurrari lotu eta lasterka hasi aurretik, ordea, kanikrosaren inguruko azalpenak eta bideoa ikusi ahal izan dituzte. Jarraian, nahi zuenak korri egiteko aukera izan du.

Bazkaria izango dute elduaindarrek, eta Niko trikitilariaren saioaz gain, haurrei zuzendutako jolas eta puzgarriak ere izango dira.

Gauerdian Konbenio del Metal eta Potenintoren eskutik izango da dantzarako aukera. Eta oraindik igandea eta astelehena ere festa egunak izango dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!