Aingeru Senperena pilotari goiaztarrak pilota egokituko Arabako Irekia txapelketako finaletako bat jokatuko du astelehenean, Laudioko Areta pilotalekuan. Gurpildun aulkiko modalitateko finalean ariko da; Juanjo Rodriguezekin osatuko du bikotea, eta Manu Quesada eta Gorka Alvarez izango dituzte aurkari. Senperenak Gipuzkoako Irekia irabazi zuen Beñat Lizasorekin, eta bigarren txapela jantzi nahi du.
Udaberrian Bizkaia eta Gipuzkoako Irekiak jokatu ziren, eta orain, lehen aldiz jokatu da Arabako Irekia. Lehen esan bezala, Senperenak eta Lizasok irabazi zuten Gipuzkoako Irekia; Bizkaikoan ere eskualdeko pilotari bat izan zen txapeldun: laster XX. Munduko Txapelketa jokatuko duen Edorta De Anta tolosarra, Sergio Rodriguezekin bikotea osatuta. Datorren urtean jarraipena izango du zirkuituak, txapelketa gehiagorekin.
Adimen urritasuneko finalarekin hasiko da jaialdia: Ibai Gomez eta Izan Cortsek osatuko dute bikoteetako bat; bestea, berriz, Sheila Cuetok eta Eneko Sagarmendik. Sagarmendik Gipuzkoako Irekia irabazi zuen Lander Ortegarekin. Bete hiru pilotarientzat zirkuituko lehen finala izango da. Ohi bezala, EITBk zuzenean emango du asteleheneko jaialdia.
Emaitzak emaitza, azken urteetan horren garapen handia izan duen pilota egokituak hazten jarraitzea da garrantzitsuena. Euskal Pilota Egokitua urrats sendoak ematen ari da inklusio sozialerako eta talentuen garapenerako, eta astelehenean beste mugarri bat ezarriko du. Arabako Irekiko finalekin amaiera emango zaio aurten, lehen aldiz, EITBren ekimenez jokatu den lehen zirkuituari.