Euskal Pilota Egokitua Zirkuituaren Gipuzkoako Irekiko finalak jokatu ziren igandean Zumarragan. Hiru final jokatu ziren, adimen urritasun mailan bi eta gurpildun aulkian bestea. Azken horretan aritu zen Aingeru Senperena goiaztarra, Beñat Lizasorekin batera, eta bikoteak lehen aldiz jantzi du txapela.
Gipuzkoar eta nafarren arteko derbia izan zen Beloki pilotalekuan, eta azkenean, asko sufrituta izan bazen ere, garaipena etxean geratu zen 25-21eko emaitza estuarekin. Bizkaiko Irekian gertatu bezala, atzelariek eraman zuten finalaren zama, eta lehen pilotakadatik ikusi zen Lizasok ez ziola finalari ihes egiten utzi nahi. Oiartzuarra indartsu hasi zen, eta aurretik joan ziren gorriak, baina partida apurtu gabe. 14-10 aurreratu ziren, baina ondoren, berdintzea lortu zuten Edorta de Antak eta Joseba Lasak, eta aurretik ere jarri ziren, 20-21. Zailena eginda zutela zirudienean, ordea, hortxe geratu ziren eta, azken bost tantoak jarraian eginda Senperena-Lizasok garaipena eskuratu zuten. Hurrengo erronka Arabako Irekia izango dute.