Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorlur sozietate publikoaren bitartez eta Bidania-Goiatzeko Udalarekin lankidetzan, babes publikoko zortzi etxebizitza tasaturen sustapena garatuko du udalerrian, jabetza-erregimenean eskaintzeko. Sustapen hau Foru Aldundiak udalerri txikietan (1.000 biztanle baino gutxiago) etxebizitza publikoak sustatzeko bultzatutako estrategiaren baitan kokatzen da, eta helburu du etxebizitza eskuratzeko aukerak bermatzea eta landa-ingurunean gizarte-kohesioa indartzea.
Proiektua Bidania-Goiazko herrigunean egingo dute, eta bi eta hiru logelako zortzi etxebizitzak aurreikusten ditu, kalitatea, funtzionaltasuna eta prezio eskuragarriak eskaintzeko diseinatuak eta udalerrian bizi-proiektua ezarri nahi dutenen eskaerari erantzuteko. Sustapenak, halaber, trastelekuak eta aparkalekuak ere eskaintzen ditu, etxebizitzen funtzionaltasun hori indartuz eta eraikin berria udalerriko hiri-ingurunean modu egokian integratzen dela ziurtatuz.
Ekimena, udalerri txikietako despopulazioa saihesteko, eskuragarri dauden etxebizitzen baldintzak hobetzeko eta landa-garapen orekatu eta iraunkorra sustatzeko estrategiaren barruan kokatu du Aldundiak. Horrez gain, Eusko Legebiltzarrak azaroan onartutako etxebizitzaren arloko premiazko neurriei buruzko legeak emandako esparru juridikoak babestu du, 3.000 biztanletik beherako udalerrietan etxebizitza publikoak jabetza-erregimenean sustatzeko aukera ematen baitu.
Era berean, Bidania-Goiazko proiektuak Foru Aldundiak jada beste udalerri txiki batzuetan bultzatutako sustapenekin bat egiten du, tartean Abaltzisketakoarekin. Hala, ekimen horren bidez, beste bost udalerri txikitan etxebizitza sustapen berriak garatzea aurreikusi dute, lurzoru urbanizagarri berria okupatu beharrean gutxi erabilitako hiri-lurzoruak eta eraikinen birgaitzea sustatuz. Hasiera batean 46 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da eta honela banatuko dira: Abaltzisketa (10), Bidania-Goiatz (8), Gaztelu (4), Altzo (12), Alkiza (8), eta Beizama (4). Bide horretan, Etorlurrek lanean jarraitzen du beste udalerri batzuekin eraikinak eta lurzoruak aztertzen egitasmo gehiago martxan jarri ahal izateko.