Maiatzaren 14an bilera ireki bat egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidania-Goiazko udaletxean, udalerrian aurreikusita duen jabetza erregimeneko etxebizitza publikoen sustapenari buruzko informazio zehatza emateko. Bilera 18:00etan hasiko da, eta proiektuaren garapena eta ezaugarriak azalduko dituzte.
Guztira, babes publikoko zortzi etxebizitza tasatu eraikitzea aurreikusten dute, eta ekimenaren helburua da 1.000 biztanle baino gutxiagoko udalerri batean etxebizitza bat jabetzan izateko aukerak eskaintzea.
Etxebizitzen sustapena Etorlur sozietate publikoaren bidez egingo dute, eta elkarlanean gauzatuko da Bidania-Goiazko Udalarekin eta Tolomendi Landa Garapenerako Elkartearekin. Eta informazio gehiago lortu nahi dutenak Etorlurrekin jar daitezke harremanetan etorlur@etorlur.eus helbide elektronikoan edo 943 816 500 telefono zenbakian.
Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak landa-inguruneak biziberritzeko eta udalerriko biztanleek zein herri txikietan bizi nahi duten pertsonek beren bizitza ingurune horietan garatu ahal izatea sustatzeko egiten dituen ahaleginen barruan kokatzen da.