Motor hotsak nagusituko dira asteburuan Azpeitia, Errezil eta Bidania-Goiatz arteko errepidean. Ardatz Motorsport Kirol Klubak I. Erniope Rallyesprinta antolatu du. «Ardatz Motorsport kluba sortu genuenetik gure ametsa izan da garai batean Errezildik igarotzen zen rallyesprinta berreskuratzea», esan du Gurutz Agirretxe klubeko lehendakariak. «Rallyen munduan ibiltzen gara, baina hor sartu ginenerako ez zen egiten rallyesprint hori».
Larunbatean izango da proba, baina bihar arratsaldean kotxeak aurkezteko ekitaldia izango da. Azpeitiko Etxezuri tabernaren ondoko plazan, 17:00etan hasiko dira rallyesprintean parte hartuko duten ibilgailuen azterketa teknikoa egiten. 20:00etan irteera ekitaldia egingo da, parte hartuko duten gidarien eta ibilgailuen aurkezpenarekin.
Probaren egunean 09:00etan itxiko da GI-2634 errepidea, eta 10:00etan izango da lehenengo txanda ofiziala eta 12:00etan bigarrena. Goizean txandak Azpeitiko Lapatx ingurutik hasiko dira eta Bidaniraino iritsiko dira, Txinkorta eskola baino lehenago. Arratsaldean beste bi txanda egingo dira, 15:00etan eta 17:00etan hasita, eta Bidanian hasi eta Lapatx inguruan bukatuko dira, hau da, goizeko txanden alderantzizkoa. Antolatzaileek espero dute 19:00ak alderako errepidea irekita egotea. Sari banaketa 19:30ak aldera izango da, Azpeitian. Eguerdian, Bidaniko plazan egongo dira ibilgailuak ikusgai, 12:15etik 14:00era bitartean gutxi gorabehera. «Aukera izango dute herritarrek eta Bidania-Goiatzera joaten direnak ibilgailuak nolakoak diren ikusteko», esan du Agirretxek. Guztira 50 ibilgailu inguruk parte hartuko dute.
Zaleek 10 euro ordaindu behar dute proba ikusteko, eta irteeran eta helmugan ez ezik, ibilbidearen hainbat bidegurutzetan egongo dira sarrerak erosteko guneak. Bestalde, antolatzaileentzat segurtasuna eta garbitasuna oso garrantzitsuak direla azaldu du Agirretxek: «Hesiak eta zintak jarrita egongo dira, eta jendeari eskatzen diogu horiek denak errespetatzeko. Ikusleei mesedez toki segurutan jartzeko eskatzen diegu». 35 postu inguru egon dira boluntarioekin, eta horiek esaten dituztenak errespetatzeko eskatu du. Bide batez, Agirretxek boluntarioen laguntza eskertu du horrelako kirol ekitaldi bat antolatu ahal izateko.