Kukuri kultur taldekoek gogoan izan dute beraien hasiera: «Orain dela urte batzuk, herritar talde ausart batek Astekulturala indartu nahi izan zuen. Haien lanari jarraituz, guk, Kukuri kultur taldeak, bideari ekin genion. Urte osoan saiatu gara kultur ekitaldiak antolatzen, Guraso Elkartearen, udalaren eta zuen, herritarren laguntzari esker. Zuen postreak, zuen talo-jotzeak, zuen muntaketa eta desmuntatzeak... denak dira beharrezko. Eskerrik asko bihotzez! Zuen laguntzarik gabe, ezingo lirateke antolatu hainbeste ekintza. Eta horretara animatu nahi zaituztegu, gure herriaren alde ekarpentxoa egin nahi duzuen oro».
Festen antolatzaileei eskerrak eman dizkiete: «Gure esker bereziena, festak antolatzen dituzten gazte ausartei: aukera hau emateagatik, gure lana bistaratu eta aitortzeagatik. Izan ere, herri txikietan boluntarioen lanari esker antolatzen dira festak, Astekulturala, eta abar. Gure bizitzari kolorea eta poza ematen dizkioten beste hainbat ekintza».
Azkenik, euskararen defentsan aritzeko deia egin dute: «Kukuri kultur taldeak gure hizkuntzaren, euskararen alde egiten du. Gure hizkuntza errespetatua izan dadila edozein lekutan: kalean, administrazioetan... euskaraz bizitzeko eskubidea dugu eta. Eraso guztien gainetik euskara defendatzen jarraituko dugu. Gure kulturak bizirik iraun dezan, jarrai dezagun elkarrekin lanean, elkarrekin gozatzen eta elkarrekin ospatzen».
Txupinazoaren ondoren, trikipoteoari hasiera eman diote, plazara joanez. Bertan gazte batzuk animatu dira dantza egiten. Trikipoteoa eta gero herri afaria iritsiko da, frontoian, eta bertan 220 pertsona inguru elkartuko dira, orain arteko kopuru handiena, antolatzaileen esanetan. Ondoren, festak jarraipena izango du plazan, 3TTU erromeria taldearen dantzaldiarekin.
Ikusi hemen Bidaniko festen egitaraua