Bidaniako jaiak 2025

Bidanian ere izango da zer ospatu

Endika Apalategi Labayen 2025eko abuztuaren 17a

Abuztuaren 20tik 24ra, San Bartolome jaiak ospatuko dituzte Bidanian. Ekitaldien artean, Modus Operandi taldearen kontzertua nabarmentzen da, esfortzu ekonomiko handia egin baitute jaietara ekartzeko.

Umeen jolasekin eta txupinazoarekin hasiko dira festak Bidanian. Herriko trikitilarien doinuez alaituta, txikiteoan igaroko dituzte suziri osteko lehen uneak, eta jaietako lehen eguna herri afariarekin eta 3TTU erromeria taldearen dantzaldiarekin borobilduko dute.

Jaien bigarren egunean, modalitate ezberdinetako kirol partidez gozatzeko aukera izango da Bidanian. Haurrekin hasita, pilota, pala eta futbol partidak jokatuko dituzte arratsaldean zehar. Ondoren, eguneko kirol ekitaldi nagusiaren txanda izango da: Bidania-Goiatz eta Errezilen arteko Herri Txikietako Kopako finala. 

Kirolaz harago ere, herritarrek gozatu ahal izango duten beste hainbat hitzordu izango dira. Alde batetik, iluntzean, Arbeo eta Maltzetak alaituta, trikipoteoa egingo dute. Gauean, berriz, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Jexux Mari Irazu ariko dira bertsotan, Arkaitz Zelaiak proposatutako gaiekin.

Abuztuaren 22a, ostirala, IV. Paella Lehiaketarekin hasiko da, eta herritarrek prestatutako paellekin, herri bazkaria egingo dute. Arratsaldean, Burrunba elektrotxarangak girotuko du festa, eta gauean, lau eta erdiko zein binakako helduen pilota partidak jokatuko dira. Goizaldera arte parrandan aritzeko aukera izango dute bidaniarrek, Modus Operandi taldearen kontzertuari esker. Maite Larrarte, jai batzordeko kidearen esanetan, «esfortzu ekonomiko handia» egin dute, eta egindako apustua «arrakastatsua» izatea espero dute.

 

Larunbatari ekiteko, mus txapelketa jokatuko da eta parte hartzaileentzat izen-ematea 15:30ean zabalduko da. Ondoren, toka txapelketak hartuko dio erreleboa, eta gauean, Zabala, Oyarbide, Isastegi, Urdaira, Gaztañaga eta Lizeaga sagardoekin afaria egingo da. Gauean, Gabezin taldea eta DJ Naza izango dira oholtza gainean musikari lanetan.

Azken egunean, bidaniarrei gelditzen zaizkien indar apurrak, dantzan eta kirolaren bueltan xahutuko dituzte. Herritarren artean ikusmin handiena Bidaniko, Goiazko eta Tolosako gazteen arteko desafioak piztuko du.

EGITARAUA

  • ABUZTUAK 20, ASTEAZKENA
    • 17:00. Ume jolasak.
    • 19:00. Txupinazoa.
    • Jarraian. Txikiteo herrikoia trikitilariek alaiturik.
    • 21:00. Herri afaria frontoian.
    • 00:00. Erromeria 3TTU taldearekin.
  • ABUZTUAK 21, OSTEGUNA
    • 16:00. Herriko umeen pilota, pala eta futbol partidak.
    • Jarraian. Gazteen futbol partida: Bidania-Goiatz vs. Errezil.
    • Ondoren. Trikipoteoa Arbeo eta Maltzetak alaiturik.
    • 22:30. Bertsolariak: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Jexux Mari Irazu. Gai jartzailea: Arkaitz Zelaia.
  • ABUZTUAK 22, OSTIRALA
    • 12:00. IV. Paella Lehiaketa.
    • 14:00. Herri bazkaria.
    • Jarraian. Bingo musikatua.
    • 18:00. Burrunba elektrotxaranga.
    • 22:30. Helduen pilota partidak. Lau eta Erdikoa: 
      Iraeta vs. Murua. 
      Binakakoa: 
      Elola-Irazustabarrena vs. Lizeaga-Aizpuru.
    • Ondoren. Modus Operandi taldea.
    • Jarraian. DJ Hidalgo.
  • ABUZTUAK 23, LARUNBATA
    • 06:00. Gaupaseroen argazkia.
    • 15:30. Mus txapelketa frontoian.
    • 18:00. Toka txapelketa herrikoia.
    • 20:00. Sagardo afaria. Sagardoak: Zabala, Oyarbide, Isastegi, Urdaira, Gaztañaga 
      eta Lizeaga.
    • Jarraian. Gabezin taldea.
    • Tartean. Bingoa.
    • Ondoren. DJ Naza.
  • ABUZTUAK 24, IGANDEA
    • 06:00. Gaupaseroen argazkia.
    • 11:30. Meza nagusia.
    • Jarraian. Herriko dantzariak eta helduentzako hamaiketakoa, Kontzejun.
    • 17:00. Desafioa: 
      Bidania, Goiatz eta Tolosa.
    • Ondoren. Bidaniko eta Albizturko gazteen 
      herri kirol jaialdia. 
      Aizkolariak: Amundarain eta Saralegi. Harri jasotzaileak: Goenatxo eta Guzta.
    • Jarraian. Erromeria Izer eta Alabierrekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!