Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunako kideek antolatuta, larunbatean, laugarren aldiz egingo dute Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketa. 3.700 metroko desnibel positiboa du, eta lasterkariak 8:00etan abiatuko dira. Edizio honetan, gainera, proba hau Espainiako Ultra Trail Running txapelketa izango da. Aurten ere, iaz lehen aldiz ospatu zen 26 kilometroko luzerako Domusa Teknik 15 MLK lasterketa ere jokatuko da, 1.400 metroko desnibel positiboarekin; hau 9:00etan hasiko da.
Bi probak Azpeitian hasi eta amaituko dira. Bitartean, Errezildik, Bidania-Goiaztik eta Beizamatik igaroko dira lasterkariak, eta gainera, ondorengo gailurretara igo beharko dute: Arroita edo Arauntza (612), Sañu (616), Gazume (1002), Ernio (1078), Murumendi (868), Izazpi (973), Hiruarrieta edo Samiño (933), Munoaundi (385) eta Xoxote (912).
Lasterketa luzea irabazteko faboritoen artean kokatuta egongo litzateke Goar Lopetegi ibartarra. Izan ere, 2023an, bigarren izan zen, eta iaz, hirugarren. Aurten, baina, ez da Azpeitiko irteeran egongo. Azken hilabeteetan, aldakako arazoekin ibili da, eta sare sozialetan adierazi duenez, ez da behar bezala osatu larunbateko lasterketarako.
View this post on Instagram
Eragina, trafikoan
Azpeitiko mendi lasterketa Bidania-Goiaztik igaroko denez, eragina izango du bertako trafikoan. Hori dela eta, Bidania-Goiazko Udalak mezu bat igorri die herritarrei. Batetik, Errezilera doan errepidea itxita egongo da 8:30etik 12:00ak bitarte. Bestetik, Azkoitira doan autobusa Urrakitik igaroko da, Bidania-Goiazko frontoitik eta Errezildik igaro gabe. Toki Alain egingo du geldialdi bakarra. Azkenik, ezingo dira autoak Trintxera ingurura bertaratu.