Elkarrizketa

«Neskek ikustea posible dela pilotan jokatzen jarraitzea garrantzitsua da»

Imanol Garcia Landa 2023ko eka. 8a, 07:59

Erasun, Bach, Larrarte eta Zubeldia, 2016an, II. Ataria Pilota Txapelketan.

Miren Larrartek (Bidania, 2002) hiru txapela jantzi zituen Ataria Pilota Txapelketan, palaz, lehenengo hiru urteetan, hau da, 2015etik 2017ra. Gaur egun eskuz aritzen da jokatzen bidaniarra.

Finalei begira, adibidez, 2016an Zubeldiarekin osatu zenuen bikotea eta Bach eta Erasuni 25-21 irabazi zenioten. Villabonako Udal Pilotalekuan jokatu zenuten.

Sekulako oroitzapena dut final horrekin. Sekulako giroa zegoela dut gogoan; orduan 14 urte nituen, 30 kilo-edo pisatuko nituen, eta pila bat gozatu nuen. Ni lau pilotarietan gazteena nintzen eta gorputzez eskasena ere bai.

Txapelketa bera nola duzu gogoan?

Aurreko partidez ez naiz asko gogoratzen. Hori bai, gustura jokatzen nuenaren oroitzapena dut. Finalak ditut gehiago gogoan. Hiru jokatu nituen eta hiru txapel lortu nituen.

Ez dago gaizki hiru txapel irabaztea.

Ez, noski, nik oso gustura jantzi nituen. 14 urterekin txapel bat janzten duzunean, sekulako poza hartzen duzu. Nire lehenengo txapelak dira eta sekulako ilusioa egiten du horrek.

Zer garrantzi du adin horretan partidak jokatzeko aukera izatea?

Gomazko pilotarekin ez zeuden partidarik, agian topaketaren bat edo soilik. Txikitatik zain egon behar izaten zenuen eta gero federazioak aukera batzuk ematen zizkizun, eta hortik aurrera partidak izaten zenituen. Adin horretan horrelako txapelketak izatea oso ona ikusten dut pilotarientzako. Finalak, gainera, zuzenean eman ohi dira Ataria Irrati-an, komentaristekin, eta oso berezia da haurra zarenean. Finaletan ere adin ezberdinetako pilotariak ikusten dituzu eta hori ere polita izaten da. Ikusten duzu emozioz bizitzen dutela, eta ikusi dut jendea pozik negarrez, eta horrelako gauzak sortzea oso garrantzitsua da, bai kirolarentzako eta baita hor dabiltzanentzako ere.

Palaz bakarrik aritu zinen garai hartan?

Hasieran eskuz hasi nintzen, Bidanian mutilekin entrenatzen. Gero, zortzi urte inguru nituela, palako entrenamenduak hasi ziren Bidanian, eta ni horretara pasa nintzen, neskak hor ari zirelako. Eskuz geroago hasi nintzen berriro. Pala eta eskua uztartu nituen, baina aurreko urtean dagoeneko pala utzi nuen, bietan aritzea gehiegi zelako.

Zu, beste batzuen artean, erreferente izaten ari zara oraingo haurrentzat. Zer suposatzen du horrek?

Guk bagenituen gure garaian gutxi batzuk, orain gero eta gehiago daude, eta hori pozgarria da. Erreferentea banaiz, pozik hartzen dut, eta neskek ikustea posible dela pilotan jokatzen jarraitzea garrantzitsua iruditzen zait. Lehen eskuz ez zegoen inor, eta orain neska gaztetxoek badabiltzala pilotariak eta aukerak daudela ikustea oso pozgarria dela uste dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!