Elkarrizketa

«Animaliak ematen du, baina erakundeek ere baloratu egin behar dute»

Eneritz Maiz Etxarri 2023ko mai. 11a, 15:59

Erretiroa hartu bitarte Errezilgo Azoka markarekin aritu da Begoña Galarraga baserritarra, beste lau emakumerekin batera, baserriko hainbat produktu ekoitzi eta salduz; baserria odolean daramala eta betidanik izan duela baserrirako grina dio.

Txikitatik egokitu zitzaion baserrian lan egitea Begoña Galarraga bidaniarrari. Gaztetan beste lan batzuk probatu bazituen ere, artzaintzari heldu zion Errezilera Galarraga baserrira bizitzera joatean. Behiak kendu eta ardiekin hasi zen lanean. Errezilgo Azokaren sortzaileetako bat izan da, eta sari bat baino gehiago ere jasoak dituzte. «Poztasuna eta indarra» izan dira lanean jarraitzeko. Ataria Irratiko Baserritik saioan aritu da bere ibilbideaz.

Zein oroitzapen duzu ume garaiko baserriaz?

Zortzi anai-arreba ginen, eta nesketan zaharrena nintzenez baserrian ere lan asko egitea egokitu zitzaidan. Beti egiten genuen etxerako baratzea, baina gure ogibidea animalietatik zen. Behiak eta haietatik jaiotzen ziren txahalak etxean hazten genituen. 14 bat urte nituela-edo hasi ginen esnea ateratzen. Orduan esnezalea ez zen baserriraino joaten eta toki batean elkartzen ginen baserritarrak esnea marmitetan hartu eta entregatu ahal izateko.

Gustuko lana zenuen?

Nik uste dut odola baserritik ekarri nuela, eta geroztik ere hemen dudala nirekin. Baserrirako grina beti izan dut. Oso gustuko lana dut, baina zortzi anai-arrebok baserrian ezin genuen jarraitu eta etxetik gertu zegoen ontzi fabrikan hasi nintzen lanean. Horrekin batera, baserrian gurasoei laguntzen nien.

Errezilera joan zinen bizitzera. Asko kosta zitzaizun baserriko lanari heltzea?

Gustuko nuenez ez zitzaidan hainbeste kosta baserrian lanean hastea. Gehiago kosta zitzaidan Azpeitia aldera egokitzea. Tolosaldera ohituta nengoen, eta zailena hori egin zitzaidan. Orduan behi batzuk zeuden, baina behi bat amiltzea gertatu zen, eta orduan behientzat baino ardientzat toki egokiagoa zela pentsatzen jarri ginen. Pixkana-pixkana ardiekin hasi ginen lanean. Ematen zuten esne pixkarekin gazta egiten hasi nintzen. Gehitzen eta gehitzen joan ginen, eta ardi elkarte batean sartu nintzen. Hasiera hartan osasun aldetik ez zuten hainbeste estutzen, eta gerora erregistratu egin behar izan nuen.

Noiz izan zen?

Orain dela 30 bat urte izan zen, eta etiketarekin eta hasi nintzen lanean. Egia esan ardiarekin etekin ona atera izan dut. Orain baino errazagoa zen. Ez zen hainbeste paper mugitu behar gu hasi ginen garaian. Orain erretiroa hartu dudalako ardi lanak utzi baditut ere, azken urteak oso zailak egin zitzaizkidan. Gazta bat egitetik saltzeraino guztia apuntatu behar zen, eta asko exijitzen zuten. Urteekin zaildu egin da, eta paper mundutik estutu gaituzte. Elkarteetan sartuta egon naiz, eta bakarrik baino laguntzarekin errazagoa da, nahiz eta guztietan ordaindu egin behar den.

Laguntza izan duzu.

Bai. Paper kontuetan bideratzen asko lagundu digute.

Zu bakarrik aritu izan zara artaldearekin?

Ez, gizonak goizetan lanera joan aurretik laguntzen zidan, eta iluntzean ere laguntzen zidan. Gerora, tailerretik aukera izan zuen 59 urterekin erretiroa hartzeko. Bera oso gustura, ardi mundua bizitu nahi zuelako. Lanera joatean ezin izaten zuen hainbeste denboraz aritu.

Gaztak zuk egiten zenituen?

Bai. Gaztak beti nik egin izan ditut. Oso lan polita da. Zailagoa da ardiak ondo zaintzea eta esne ona ateratzea, gero gazta ona egin ahal izateko. Horixe da gakoa.

Mimoz egin beharreko lana.

Bai, baina orain dauden tresnekin erraza da. Ni hasi nintzenean ez genuen ez termometrorik eta ezta beste ezer ere. Teknologia aldetik asko hobetu da, eta ikastaroetara joatea ere derrigortuta genuen. Ikastaroetara joanda ere beti ikasten zenuen zerbait. Alde horretatik asko hobetu da egoera, ikaragarri gainera.

Saldu ere egin behar.

Bai. Eta baserrian beti izaten dira intxaurrak, sagarrak, babarruna,... Azoketara gazta saltzera joaten ginenean, beste elikagaiak ere eramaten genituen. Azpeitia eta Zarauzko azoketan batik bat saltzen nuen, eta jende asko etortzen zen sagar eske, baita Errezilera ere. Orduan azoketan ibiltzen ginen emakumeak elkartu ginen, eta udaletxera jo genuen; babesa jaso genuen.

Bost emakume elkartu eta Errezilgo Azoka sortu zenuten. Zer dela eta?

Azoketara sagarra saltzera joandakoan, sarritan asko izaten genuen eta saldu gabe bueltatzen ginen. Beste irtenbide baten beharra ikusten genuen. Udalak lokal txiki bat jarri zigun, eta marmeladak, sagar dultzia, konpotak... egiten hasi ginen. Ontziratu eta bertan saltzen hasi ginen. Lan polita egiten genuela ikusi zuen udalak eta eraldaketarako toki bat egitea erabaki zuen. Osasun aldetik bete beharreko baldintza guztietara egokituta jarri ziguten. Bertara joan eta lan egiten genuen, eta bertan pilatzen genituen salgaiak. Denon artekoa zen. Biltegitik jeneroa hartu, eta azokaz azoka joaten ginen. Gipuzkoa ia guztia zeharkatu dugu. Deitzen zigutelako edo guk deitzen genuelako.

Errezilgo sagarra ezagutzera eman duzue.

Bultzada bat emateko, udalak babestuta, sagar egun bat egiten ere hasi ginen abenduko lehen igandean. Orain gazteek hainbeste baloratzen ez badute ere, orduan adineko jendea asko etortzen zitzaigun. Gabon buelta horretan jendeak ohitura zuen konpota jateko, eta sagarraren bila etortzen ziren asko. Urte batzuetan ez zaio balore askorik eman, baina orain dela bost bat urtetik, berriz, jendea hasi da sagarra jartzen eta orain sagar zukua egiten dute. Merkatuan arrakasta du.

30 urteko ibilbidea nolakoa izan da?

Lanak banatzen genituen. Baserrian egiten den bezala, jaietan lan egitea egokitzen zitzaigun azokak igandetan izaten direlako. Deialdia egitean bost emakume bakarrik ausartu ginen, eta orain hiru bakarrik daude. Tartean gehiago ere izan gara. Sagarrak martxo-apirila arte irauten ziguten saltzeko. Baina bestelako produktuak ere izaten genituen, eta esaterako aranarenak ere egiten genituen, eta azkar nahasten ere ikasi genuen. Kiwi pixka bat ere izaten da, eta kiwi eta sagarra, edo laranjarekin edota azenarioarekin ere bai. Esperimentuak ere egin ditugu eta arrakasta izan dute. Astean arratsalde bat edo bi aritzen nintzen, eta gainerakoan ardiekin.

Etorkizunik ikusten diozu?

Baserri munduan gazte asko ez da inplikatu Errezilen. Ez du ematen bizitzeko, eta baserrian duzun lanari bultzada bat emateko da; saldu ezin dituzun gauzak eraldatuta saltzeko. Baserrian jarraitzeko gazteak gutxi ikusten ditut.

Baserritarrok egiten duzuen lana baloratzen da?

Ezta pentsatu ere. Gauza asko esaten dira, eta KM0 asko entzuten dut, baina gero nondik datorren ez dakigun jeneroa kontsumitzen ari gara. Ardi munduan bide estu bat izan dugu, baina behiak dituen eta urte guztian egun bat jai ez duten pertsona batzuk gehiago ez baloratzea... Nik pena eta guzti hartzen dut. Ulertezina da. Gauza politak entzuten ditugu politikoen ahoetatik, baina gero hitz horiek ez dakit non geratzen diren. Baserritarrengana ez dira iristen.

Gazte bat animatuko al zenuke lehen sektoretik bizitzera?

Lanari beldurrik ez baldin badio bai. Hori bai, ezingo du pentsatu zortzi ordu egin eta libre izango denik. Hori garbi eduki behar du lehen sektorean lanean hasten denak. Bide erraza ez du izango, baina bide erraza ez dut inon ikusten. Lana beti izango da lana. Baserri batean oporrak izateko ordezkoa aurkitzea oso zaila da. Oporraz aparte, zortzi orduko lanik ez dago baserrian. Bestela gauzek asko aldatu beharko dute. Elkarteetan-eta sartzen bada laguntza eta babesa izango ditu. Animaliak ematen du, baina erakundeetatik ere bere balorea eman behar zaio. Gauza batzuk gora igotzean, besteak igotzen ez badira...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!