«Betidanik izan dut baserrirako grina, eta oso gustuko lana dut»

Eneritz Maiz Etxarri 2023ko api. 17a, 19:00

Begoña Galarraga bidania-goiaztarra da Baserritik saioko protagonista. Txikitatik egokitu zitzaion baserrian lan egitea. Gazte garaian beste lan batzuk probatu bazituen ere, artzaintzari heldu zion Errezilera bizitzera joatean. Artaldearekin egin du lan orain gutxi erretiroa hartu duen arte. Gazta egin eta azoketan saldu izan du. Horrez gain, duela 30 bat urte, Errezilgo Azoka sortu zutenetako bat da. Errezilgo sagarra ezagutzera emateaz gain, eraldatuta beste produktu batzuk eginda saltzen zituzten.  

Behiak kendu eta ardiekin hasi zen lanean Begoña Galarraga Errezilgo Galarraga baserrira bizitzera joatean. Pixkana-pixkana ateratzen zuen ardi esnearekin gaztak egiten hasi zen. Hogeita hamar urte badira erregistratu eta artzaintzatik lanean. Gustuko lana duela aitortu du bidania-goiaztarrak, eta odolean daramala baserria. Erretiroa hartuagatik, ez du baserriko lana eten, eta ardi gutxi batzuekin jarraitzen du. 

Ardiez gain, Errezilgo beste lau emakumerekin batera Errezilgo Azoka sortu zuen. Errezilgo sagarrari bere balio ematea zuten helburu. Ezagutzera eman, eta eraldaketa bidez, produktu ezberdinak ekoitzi izan dituzte. Baserriko lanaren osagarri moduan izan dute Errezilgo Azoka.

Sari ezberdinak ere jaso ditu Errezilgo Azoka ekimenak, eta sari horiek «poza» ematen dutela kontatu du aurrera lanean jarraitzeko. Gaur egun hiru emakumek jarraitzen dutela kontatu du, eta laguntzen prest egoten dela. «Asko bizi izan dut azoka mundua», dio.

Lanari ez dio beldurrik izan, eta zailtasun guztietatik ateratzen jakin du aurrera eginez. Baina, kexu agertu da, eta oso garbi adierazi du baserritarren lana ez dagoela «batere» baloratua. «Telebistatik politikoei hitz politak entzuten dizkiegu, baina gero hitz horiek ez dakit non geratzen diren; ez dira inon idazten, eta guri askotan kontrakoa iristen zaigu», esan du.

Produktuari behar duen balorea eman behar zaiola esan du. Prezioetan denak gora egiten badu, baserritarren produktuen prezioek ere gora egin beharra daukatela.

Gazteak lehen sektorera animatuko lituzke: «Bide erraza ez du izango, baina bide erraza ez dut inon ikusten». Lanari beldurrik ez izatea du gakotzat: «Zortzi orduko lanik ez dago baserrian».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!