ELKARRIZKETA

«Nire bi langintzen edo pasioen uztarketa bat da»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko irailaren 22a

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984) idazlea eta bertsolaria, Onintza Enbeita eta Oihana Iguaran bertsolariekin eta Aitor Nova musikariarekin ariko da, Goiazko frontoian, igandean. Dendaostekoak emanaldian bertsolari rolean baino, idazle eta gai emaile moduan ariko da.

Nolakoa da eskainiko duzuen Dendaostekoak emanaldia?

Irakurketa bat da, eta liburuko pasarte batzuk aukeratzen ditut, eta girotzeko Aitor Nova musikariak propio sortu du soinu banda. Emanaldiaren erdia irakurketa dela esango nuke. Agian, hemen ez gaude oso ohituta, baina niri asko gustatzen zaidan zerbait da. Literatur edo poesia irakurketak jendeari eskaintzea da. Ez da oso ohikoa eta beste emanaldi batzuetara ohituagoak gaude. Pasarte horietako bakoitzaren ostean, bertsolariei gai bat ematen diet pasarteari lotua. Orduan, bertsolariek bat-bateko saioa egiten dute. Guk irakurraldi bertsotua deitzen diogu.

Oihana Iguaran eta Onintza Enbeitarekin ariko zara.

Aldatzen joan izan gara. Oihanak eta Onintzak Bilbon egin zuten elkarrekin, eta oso ondo atera zen gainera, baina kasu honetan gai guztiak aldatu ditut, eta pasarte batzuk ere bai. Pasarte horientzat beste musika giro batzuk landu ditugu. Nahiz eta, liburu bera den oinarri, gaiak diferenteak izango dira. Beraiek inprobisatu egiten dute; batzuetan fikziozko pertsonaien azaletik eta beste batzuetan beraien gaur egungo larrutik. Testu literario bat aitzakia hartuta hamaika gairi buruz kantatu daiteke. Giro baten barruan bertso saio bat egitea da. 80-90eko hamarkada da eta bi emakumeren ahotsetik kontatua dago. Bada bidaia bat iraganeko paisaia, langintza edota bizimoduaren ertz diferenteetara. Atzo da, baina ingurua oso azkar aldatu da.

Musikak protagonismo berezia izango du.

Bai. Lehenengo aldia izango da frontoi batean egingo duguna. Ez dakit zein sentsazio izango den. Orain arte antzoki edo areto txikietan egin izan dugu. Teklatua, saxofoiak eta aurrez grabatutako ordenagailuko soinuak erabiltzen ditu. Adibidez, liburuko protagonisten josteko eta brodatzeko makinaren soinu originalak baliatzen ditu nolabait emanaldia josteko. Lan handia egin du, eta espektakulu bat da ikustea. Oso ederra da.

Ez da bertso saio bat.

Bertsoarekin oso ondo uztartzen da, eta aurreko saioetan horrela gertatu izan da, hau da, batzuk literaturaren mundutik gerturatzen dira eta besteak bertsolaritzatik. Batzuk ez daude bertso saioak entzutera hain ohituta, baina literatur irakurraldiak gustatzen zaizkie, eta orduan gozatu dute bertso saioarekin. Aurreiritziak ere izaten dira, eta asko bizi izan dugu: «Niri ez zait bertsoa gustatzen», eta ez da hainbeste izan bertsoa, agian izan da bertsolaritza zein girorekin lotzen zuten; ze gai mota, ze errepresentazio... Eta esango nuke, zorionez, gaur egun, literaturan bezala bertsolaritzan ere erregistroak, giroa, motiboak, gaiak... askotarikoak direla. Bada nire bi langintzen eta nire bi pasioen halako uztarketa bat. Bada bertsozalea den jendea eta ez dena irakurzalea, eta liburua irakurri gabe daukana. Ez da beharrezkoa liburua irakurrita edukitzea saioaz gozatzeko. Kontakizun bat egiten da, eta iruditzen zait guztiok gozatzen dugula istorioak entzunez.

Erlazionatuak

Eskulanekin hasiko dute kultur astea

Eneritz Maiz Etxarri 2022 ira 22 Bidania-Goiatz

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!