Bidania-Goiazko kutxazaina kendu du Kutxabankek

Ataria 2021eko abenduaren 29a

Kutxazainaren tokia tapatu egin dute.

Lapurreta bat tarteko banketxeak ez duela konpondu nahi izan salatu du Bidania-Goiazko Udalak, eta gastuak eta hileroko mantenua udalak ordaintzea nahi izan duela.

Bidania-Goiatz kutxazainik gabe geratu da, Kutxabank banketxeak hala erabakita. 2021eko maiatzaren 12an Bidania-Goiazko kutxazainean lapurreta egin zutela adierazi du Bidania-Goiazko Udalak, eta erabat txikituta geratzeaz gain, bestelako hainbat kalte ere eragin zituztela kutxazainean.

Harrez geroztik, Bidania-Goiazko Udala herriak Kutxabanken duen kudeatzailearekin harremanetan jarri dela esan du: «Hainbat aldiz berriro kutxazaina martxan jarri dezaten eskatu dugu». Kutxabankek hasieratik «intentzio eza» erakutsi duela argitu dute udaletik, eta, nahiz eta saiakera ugari egin, beraien proposamena «itxia» izan dela salatu dute. Berriro Bidania-Goiazko kutxazaina martxan jarri ahal izateko ondorengo baldintzak bete beharra exijitu zioten udalari. Alde batetik, konponketa gastuak izango liratekeen 6.000 euroak ordaintzea, eta behin konponduta, hilean 900 euroko mantenu kuota ordaintzea , hau da, urteko 10.800 euro. «Udalari ez dagokio honelako gastuak ordaintzea, eta gutxiago banku pribatu bat den aldetik», azpimarratu dute, eta horixe bera jakinarazi zioten Kutxabanki. «Erantzuna oso tinkoa izan da. Kutxazaina kendu dute», argitu du Bidania-Goiazko Udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!