Bidania-Goiatzen dago, naturagune handi baten erdian, eta erosotasuna, intimitatea eta lasaitasuna dira bere ezaugarri nagusienak. Iban Muñoak, 2009an zabaldu zituen hoteleko ateak, Lorena Arco emaztearekin batera. «Ingurua bisitatzeko abiapuntu bikaina da, baita egonaldi lasai edo erromantikoaz gozatzeko nahiz deskonektatu eta atseden hartzeko ere», azaldu du Muñoak.
Goi mailako gastronomia onenaz gozatzeko aukera ere eskaintzen dute bertan, Enrique Fleischmann sukaldariaren eskutik. Batetik, egile-sukaldaritzako Bailara jatetxea dute. «Hemen bakarrik dastatu daitezke plater horiek. Ezin hobeto deskribatzen du gure izaera: tradizioa, berrikuntza, profesionaltasuna eta gure lanarekiko grina. Zintzoa da, nortasuna eta sormena konbinatzen dituena, eta protagonista bakarra du: zaporea».
Bestetik, Fleischmannen bertsio tradizionalena eta lagunartekoena eskaintzen duen Bistro jatetxea aurkitzen da. «Kalitatea balioan jartzen dugu, bizipenen sukaldaritza islatzen duten errezeta soil, tradizional eta dibertigarriekin. Bertako nahiz nazioarteko ohiko platerak aurkitu daitezke, gure erara berrinterpretatutako zapore klasikoenekin».
Tokiko eta garaiko produktuekiko zaletasuna dute bi jatetxeetan eta gertuko baratze eta baserrietan ekoizten diren nahiz itsasoan hazten diren elikagaiak prestatzen dituzte. «Kalitate goreneko produktuak ematen dizkigun ingurune natural bikainaz gozatzeko pribilegioa daukagu. Lurrinak, zaporeak eta forma naturalak erabat errespetatuz prestatzen ditugu platerak. Bistro maila handiko soluzio erraza izan da. Bailarak, berriz, prestigioa du oinarrian». Bai batean zein bestean, sukaldariak «mugarik ez duten sortzaileak» direla nabarmendu du Muñoak. Berak eta Flieschmannek «beharrezkoa» ikusi zuten bi linea gastronomiko izatea. «Sukalde beretik bi estilo ezberdin ateratzea lortu ditugu, baina biak kalitate handikoak, eta hori nabarmentzekoa da». Bi jatetxeetan, gainera, tratua berdina dela aitortu du: «Bezeroa etxean bezala sentitzen da, eta guk emozioen bitartez egiten dugu lan. Zoriontsu izan daitezen saiatzen gara».
Martxa ona daramatela eta arrakastaz hitz egin dezaketela esan du. «Hala ere, gertuko bezeroekin konektatzea lortu nahi dugu, ostatu hartzen ez dutenentzat ere jatetxeak zabalik daudelako. Ez sentitu beste batzuentzat garela, zuretzat ere bagarelako. Sukaldaritza esperimentalaren gerturatze bat da hau; beraz, etorri, dastatu, gozatu eta ase».
Iriarte Jauregia Hotela
- Helbidea. Eliz Bailara, 8, Bidania-Goiatz
- Telefono zenbakia. 943 681 234
- E-maila. info@iriartejauregia.com
- Webgunea. Iriartejauregia.com
- Sare sozialak.
Facebook: Iriarte Jauregia Hotel
Instagram: @iriartejauregia