«Txapelketa datorrela ikustean beste motibazio bat izaten da»

Imanol Garcia Landa 2021ko mar. 12a, 07:59
Aingeru Senperena goiaztarra. RAKEL VIDAL

Aingeru Senperenak (Goiatz, 1993) binakako zein banako txapelketetan parte hartzea erabaki du. Lehen jardunaldia ez du nahi bezala amaitu, binaka jokatutako sei partidak galdu baititu eta baita banaka jokatutako biak ere.

Txapelketan bikoteka eta banaka parte hartzea erabaki duzu.

Azkenean denok denon artean jokatzea erabaki da eta horrela ari gara jokatzen. Azken batean aukera asko daude gero finalera sartzeko. Onekin jokatu behar duzu, txarragoekin ere bai, beraz, ez da aitzakiarik izango.

Atzelari bezala aritzen zara. Asmoa duzu bi onenen artean sailkatzeko, finalera iristeko?

Helburutzat hori jarri behako dugu printzipioz. Gero ikusiko dugu zer gertatzen den.

Eta banaka zer asmo duzu?

Ahal dela ere aurrean izaten saiatuko gara. Ez da erraza izango, hor gauzak asko aldatuko dira eta.

Lehen jardunaldia ez da nahi bezala amaitu.

Ez, jokatutako partida guztiak galdu nituelako. Ezin asmatu ibili nintzen, ez zen nire eguna izan. Oraindik beste jardunaldi batzuk geratzen dira eta ea horietan sailkapenean buelta emateko aukera daukagun.

Non aritzen zara gusturago, banaka ala binaka jokatzen?

Binaka nahiago dut. Banaka ere gustura aritzen naiz, baina tokatzen den aurkariaren arabera asko mugitu behar duzu, kantxa gehiago hartu behar duzu. Asko aldatzen da kontrario bat edo bestea izan.

Atzelari bezala, sakea errestatzea izaten da zailena?

Aurrelariaren arabera izaten da hori. Ateratzen dizun sakea errestatzen saiatu behar da, baina beste atzelariari ere ahal dela ondo utzi gabe, bestela, bera hasten da agintzen, eta hor jokoa asko aldatzen da.

Gipuzkoako zenbat txapelketetan hartu duzu parte?

Ez dakit zehazki, baina zazpi bat izango dira. Binakako txapelketa bat lortu nuen, aurreko urtean.

Nola moldatzen zarete entrenatzeko?

Denak batera aritzen gara entrenatzen. Aginagan elkartzen gara entrenatzeko, eta azkenaldian ahal dugun moduan aritu gara. Herri batetik bestera joateko mugimenduak mugatuta zeudenean, batzuk joatea zeukaten, beste batzuk ez; erabat itxita ere egon da kontua. Bolada batean astean asteko egoera ikusi beharrean egon gara, eta orain ematen du aukera gehiago izango dugula entrenatzeko. Ea eusten diogun egoera honi. Federatuta gaudenez aukera dugu mugitzeko eta entrenatzera joateko.

Zer suposatzen du zuretzat kirola egiteak?

Gorputza mugitzeko laguntza bat da, eta gero lagunarte ona dugu eta hori ere garrantzitsua da.

Beste kirolik egiten duzu pilotaz aparte?

Lehen bizikletan ere ibiltzen nintzen, baina erabat utzi nuen orain bi urte inguru. Orain momentuan, soilik pilotan aritzen naiz.

Txapelketak motibazio puntu bat izaten dira?

Bai, badira motibazio modu bat. Entrenamenduak ondo etortzen dira, baina txapelketa datorrela ikustean beste motibazio bat izaten da.

Erlazionatuak

Pilota egokituari kantxa emanez

Imanol Garcia Landa 2021 mar 12 Alkiza   Asteasu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!