Pilota egokituari kantxa emanez

Imanol Garcia Landa 2021ko mar. 12a, 07:57
Aurreko astean aurkeztu zuten Gipuzkoako XI. Pilota Egokituaren Txapelketa, Errenterian. RAKEL VIDAL

Adimen urritasuna dutenek zein urritasun fisikoa dutenek, aukera izango dute aurten Gipuzkoako Pilota Egokituaren Txapelketa jokatzeko. Jokatzen duten 11. aldia izango da eta hainbat herritan ariko dira lehian, tartean Asteasuko eta Alkizako pilotalekuetan.

Gipuzkoako XI. Pilota Egokituko Txapelketa martxan jarri da asteburu honetan. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatutako lehiaketa horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, bi modalitate egongo dira: adimen urritasuna duten kirolariena eta urritasun fisikoa dutenena. Azken honetan, gurpildun aulkiekin lehiatzen dira, eta Hilario Olano alegiarrak eta Aingeru Senperena goiaztarrak parte hartzen dute.

Palaz jokatzen dute, eta guztira adimen urritasun modalitatean hamahiru partaide izango dira eta gurpildun aulkietan zazpi dira parte hartzen ari direnak. Modalitate bakoitzean binaka zein banaka egingo dira txapelketak. Gurpildun aulkietan ez da bikote egonkorrik egongo, eta, beraz, hiru aurrelariek lau atzelariekin jokatuko dute txandatuz. Sailkapena norbanakoarena izango da, eta lehen bi aurrelariak eta lehen bi atzelariak pasako dira finalera. Banakakoan sei pilotarik parte hartuko dute. Ligaxka egingo dute, pilotari guztiek elkarren aurka jokatuz lau jardunalditan zehar, eta azkenekoan jakingo da zein den txapelduna. Banakako zein binakako lehen jardunaldia larunbatean jokatu zuten, Aginagako frontoian.

Adimen urritasunekoek buruz buruko lehen txapelketaren lehen jardunaldia jokatu dute Errenterian, eta Asteasun larunbat honetan jokatuko dute bigarren jardunaldia. Guztira sei jardunaldi izango dituzte, eta bosgarrena Alkizan jokatuko dute, maiatzaren 15ean. Buruz burukoan hamahiru pilotarik parte hartzen dute, eta hiru multzo ezberdinetan daude banatuta, aurreko denboraldiko txapelketaren arabera. Multzo bakoitzak bere txapelketa jokatzen du, baina goiko mailakoek bakarrik izango dute jokoan txapela. Bigarren multzokoek euren artean jokatuko dute eta bertako irabazleak hurrengo urtean lehen multzoan jokatuko du. Eta hirugarren multzokoek beraien artean jokatuko dute, eta irabazleak hurrengo urtean bigarren multzoan jokatuko du. Buruz buruko txapelketaren sailkapenetik aterako dira bikoteak, eta bi multzotan banatuko dira, bakoitzak bere txapelketa jokatuz. Bai adimen urritasuna dutenek eta bai gurpildun aulkian jokatzen dutenek, binakako txapelketen finalak ekainaren 26an jokatuko dituzte, Zumaian. Oraingoz, egun dauden neurrien arabera, ezin da publikorik joan jardunaldietara.

Kirola egitearen onurak

Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko teknikaria da Jurgi Olasagasti, eta txapelketetan parte hartzen dutenentzat kirola egiteak zer garrantzia duen azaldu du: «Adimen urritasunari dagokionez, kirola gizarteratzeko tresna bat da, horretarako agian zailtasun gehiago dituztelako. Gainera, txapelketak aurten garrantzia gehiago hartzen du, orain arte izandako neurriek-eta ez dutelako utzi beste herri batzuetara joaten, eta kirol egokituan ez dago herri bakoitzeko eskaintza. Beraz, muga asko izan dituzte kirola egiteko, eta irrikaz daude jokatzeko». Horrez gain, «onura fisikoa» kirol egokitua egiten duten guztiek jasotzen dutela dio: «Kirola aitzakia bat da mugitzeko, osasuntsu egoteko, eta hori garrantzitsua da. Gainera urtebete pasa dute askok ia ezer egin gabe eta aldaketa handiak nabaritu dituzte euren gorputzetan, adimen urritasuna zein urritasun fisikoa izan. Kirola erregulartasun handiagoarekin egin behar da».

Txapelketez gain, urtean zehar topaketa batzuk antolatzen dituzte adimen urritasuna dutenekin. «Pilotaren denboraldia antolatzen dugunean, bi ikuspegi ditugu. Batetik, txapelketak antolatzen ditugu, federazioa izaten jarraitzen dugulako, eta jendeak lehiatu nahi du. Hori bai, txapelketak antolatzen ditugu denei bere lehiakortasun mailara egokitzeko helburuarekin», esan du Olasagastik. «Bestetik, topaketetan egiten duguna da elkarte ezberdinetako pilotariak elkartu, eta entrenamendu komunak egiten ditugu, helburu ezberdinak planteatzeko. Gorabehera handiak izaten dituzte, zerotik ehunera eta ehunetik zerora azkar pasatzen dira, eta partidetan sortzen diren tentsioak alde batera utziz, sistema horrekin nahi duguna da ondo pasatzea, pilotaz disfrutatzea eta ikastea». Aurten, osasun neurriengatik, ez da posible izango topaketa horiek egitea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!