Miren Larrartek Bizkaia Torneoko lehen partida du bihar

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 14a, 11:58

Bizkaiko Foru Aldundiak emakumeen esku pilotako txapelketaren hirugarren edizioa antolatu du, eta bertan parte hartzen du Miren Larrarte bidaniarrak, Gentzane Aldayrekin bikote eginez. Lehen jardunaldia dagoeneko jokatu da, eta bihar egingo den bigarren jardunaldian hasiko dira parte hartzen Larrarte eta Alday.

Hamabi pilotarik bikoteka jokatuko dute hiruko bi taldetan, eta talde bakoitzeko irabazleak aurrez aurre izango dira finalean, eta bigarrenek hirugarren eta laugarren postuak jokatuko dituzte. A taldeko bikoteak honakoak dira: Amaia Alday eta Oihana Orbegozo, Miren Larrarte eta Gentzane Alday, eta Leire Garai eta Maite Ruiz de Larramendi. Beste aldetik, B taldea osatzen duten bikoteak hauek dira: Iera Agirre eta Arrate Bergara, Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirre, eta Ainhoa Ruiz de Infante eta Olatz Ruiz de Larramendi. Partida guztiak Bizkaia Frontoian jokatuko dira. Materialari dagokionez, pilotariek pilota mistoarekin jokatuko dute lehenengoz.

Biharko jardunaldian, 19:00etan hasiko dena, bi partida jokatuko dira. Lehenengoa Larrarte-Alday eta Garai-Ruiz de Larramendi bikoteen artekoa izango da. Bigarrena, Agirre-Bergara eta Ruiz de Infante-Ruiz de Larramendi bikoteen artekoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!