Olentzero eta Mari Domingik eta Hiru Errege Magoek bisita egingo dute

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 18a, 15:48

Bidania-Goiazko haurrek urte berezi hau amaitzeko eta urte berria pozik hasteko bisitak jasoko dituzte. Olentzero eta Mari Domingi eta Hiru Errege Magoak Bidania-Goiaztik pasako dira.

Bidania-Goiazko Udalak eta Ernio Guraso Elkarteak egitaraua osatu dute Gabonei begira. Olentzero eta Mari Domingik herria bisitatuko dute, eta baita Hiru Errege Magoek ere. Horrez gain, Urte Berri ON, amona! eta Aupa Etxebeste filmak ikusteko aukera izango da.

Ipuin kontalaria ere antolatu dute, eta Erik eta Win ikuskizunaz gozatzeko aukera ere izango dute. Hori bai, herritar guztiei arduraz jokatzeko eskatu diete. Jende pilaketak ekiditeko, eta Olentzero eta Mari Domingiren eta Hiru Errege Magoen kasuan, ahal dela, etxetik ikusteko.

Bidania-Goaizko Udalak mezua helarazi die herritarrei: "Hilabete guzti hauetan bezala, datozen egun berezi hauetan ere, bakarrik daudenez eta zaurgarrienak direnez ez ahazteko eskatu nahi genizueke. Eta noski, beharrezko neurriak hartuta, ondokoak goxatu eta egun on batzuk pasatzea opa nahiko genizueke".

Bukatzeko, "ekitaldi hauetan osasun baldintza eta betebehar guztiak bete beharko dira, baina horretarako baldintza guztiak ezarriko dira", azpimarratu dute.

EGITARAUA

Abenduak 23. Eguneko Zentrora bisitan joango dira Olentzero eta Mari Domingi, bertakoentzat bakarrik.

Abenduak 24. Herrian zehar ibiliko dira arratsaldean Olentzero eta Mari Domingi, herriko umeentzat. Herritar guztiei arduraz jokatzeko, jende pilaketak ekiditeko eta ahal den heinean, etxeetatik ikusteko eskatzen zaie.

Abenduak 26. Urte Berri On, Amona! filma eskainiko da, 18:00etan, Bidaniako elizan, herritar guztientzat.

Abenduak 28. Ipuin kontaketa saioa, 16:00etan, Ixabel Agirresaroberen eskutik. 3-12 urte arteko herriko ume eta gaztetxoentzat izango da.

Abenduak 30. Aupa Etxebeste! filma eskainiko da, 18:00etan, Bidaniako elizan herritar guztientzat.

Urtarrilak 2. Agur Etxebeste! filma eskainiko da, 18:00etan, Bidaniako elizan herritar guztientzat.

Urtarrilak 3. Erik eta Win ikuskizuna, 18:00etan. Antzerkia, bertsoa, musika eta poesia uztartzen dituen ikuskizuna Buhameak taldearen eskutik. Herritar guztientzat, elizan.

Urtarrilak 5. Hiru Errege Magoak herrian zehar ibiliko dira arratsaldean, herriko umeentzat. Herritar guztiei arduraz jokatzeko, jende pilaketak ekiditeko eta ahal den heinean, etxeetatik ikusteko eskatzen zaie.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!