Bidaniko San Bartolomeak 2018

Egun osoena

Ataria 2018ko abuztuaren 25a

Erabat murgilduta daude festetan Bidanian, eta gaurkoan ekitaldi ugari izan dituzte, tartean zenbait lehiaketa.

Esaterako, toka txapelketan gizonezkoetan lehenengoa Mikel Iriarte izan da eta bigarrena Andoni Elola. Emakumezkoetan, Arantxa Maioz eta Lierni Arizeta izan dira aurreneko biak. Haurretan, Anartz Dorronsoro izan da irabazlea.

Muxarra elkarteak antolatutako usakume tiraketa izan da egun guztian zehar Usarraberriko zelaian, eta guztira 151 parte hartzaile aritu dira. Irabazlea Xabier Albeniz zarauztarra izan da, eta elkarteko lehenengo sailkatua Aitor Zinkunegi bidaniarra.

I. Mus Txapelketa izan da jokoan gaurkoan ere, eta 37 bikote aritu dira frontoian. Hainbat herritatik joan dira musean jokatzera Bidaniara. Leitzako Ioritz eta Joxe Migel izan dira irabazleak eta azpitxapeldunak Asteasuko Esteban eta Joxe Luis.

Bestalde, bola txapelketa bertan behera geratu da eguraldiagatik. Horrez gain, Saiaz elkartean helduentzako hamaiketakoa izan da, eta haurrak futbolean aritu dira eskolako aterpean. Urte guztian aritu diren bi futbol taldeak nahastu dituzte eta partida jokatu dute. Arratsaldean sagardo dastaketa izan da, zazpi sagardo etxe ezberdinekin, eta pintxoak jateko aukera ere izan da.

Bihar festen azken eguna izango da. Nabarmentzekoa da arratsaldean egingo den desafioa: bidaniarrak Amasako eta Albizturko gazteen aurka ariko dira, 18:00etan hasita. Ondoren, herri kirol saio mistoa izango da Bidaniko gazteen artean. Ikusi biharko egitaraua.

 

Argazki galeria hau babesten du:

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!