Bidaniko San Bartolomeak 2018

Sanbartolomeak, gazteen desafioz blai

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 20a, 16:47

Amasa eta Albizturko gazteen aurka desafioan ariko diren Aitor Agirretxe, Iosu Elola eta IƱaki Elola bidaniar gazteak.

Azken urteetan errezildarrekin izandako lehia sanoa, hiru herriren arteko desafio bilakatuko da aurten. Faborito ez izan arren, bidaniarrak prest daude. Hori, baina, ez da festetan ikusiko den lehia bakarra izango.

Aitor Agirretxe, Iosu Elola eta Iñaki Elola. Horiek izango dira Bidaniko herritarren ordezkariak herri desberdinen arteko desafioan. Iaz, Errezilgo festetan futbol partida bat jokatzea proposatu zieten, eta bidaniarrek bueltan, desafio bat egiteko ideia jarri zieten mahai gainean. Hain zuzen, desafioa lau kiroletan banatzen zen eta bi mutilek eta bi neskek osatutako taldeetan banatuta egin zuten: ergometroan, soka saltoan, bizikletan eta lasterka. «Aurten, asmo berarekin joan, eta ezezkoa jaso genuen. Iaz irabazi egin geniela eta, agian beldurtu egin dira, eta ez dira ausartzen».

Eskualdeko herri desberdinetara joan dira jendea biltzeko asmoz, baina talde mistoak osatzeko ez dute inor topatu. «Festetan gustuko izaten dugu talde mistoekin desafio bat egitea, baina beti zailtasun handiak ematen dituen kontua izaten da». Inguruko herri askotan, garai berean, festak egiteak edota abuztu amaieran jendea oporretara joateak ere eragin handia du.

Azkenean, Amasako eta Albizturko gazteen onarpena jaso zuten, kontaktu desberdinen bitartez. «Amasarrek, gainera, segan ere egin nahi zuten, baina guk ezetz esan genien». Orduan, hiru herrien arteko lehia izango da, mutilez osatutako taldeena. San Bartolome festetan, plazan egingo den desafiorako, iazko probetako bat kenduko dute: soka saltoa. Hortaz, errelebokako proba izanik, ergometroan 2,5 kilometro, bizikletan 6 kilometro, eta korrika 2-3 kilometro inguru egin beharko dituzte. «Aldapa dezente daude herri inguruan, beraz, bizikletaz egin beharrekoa nahiko buelta gogorra da. Hala ere, oraindik ez dugu erabaki kilometro kopurua, eta haiekin hitz eginda, guztiz itxiko dugu desafioa bera». Gehienez, 30 minutuko proba aurreikusten dute, luzeegia izatea ere ez delako komeni. Gainera, herri inguruan egingo da, «bertakoek gozatu ahal izateko».

Pronostikoei dagokienez, ez dute argi ikusten irabazleak izango diren ala ez. «Faborito nagusiak albizturtarrak dira; amasarrak ez dakigu nortzuk diren». Hala ere, bidaniarrek argi dute: «Ez gaude barkatzeko!». Esperientziaz baliatuta, iaz errezildarren aurka lortutako garaipenari segida ematea izango da asmoa. Bestalde, gazteek alde negatibo bat ikusten diote probari: «Jaien azken egunean egitea izango da okerrena, neke guztia gainean dugula».

Aurreko marka hobetzea

Nahiz eta desafioa mistoa ez izan, parekidetasunari bultzada bat emango diote gazteen arteko herri kirol saioan. «Festak antolatzen ditugun gazteen artean osatuko ditugu neska eta mutilez osatutako taldeak». Haietaz aparte, aizkolariak eta harri-jasotzaileak ikusteko aukera egongo da.

«Egurra!», aipatzen dute, Ibarrako nesken aurka egin beharreko giza probaren atarian. Desafio hau, San Bartolome egunean izango da, hain justu. Garai batean, herrian bertan egin izan zen antzeko zerbait, herritarrez osatutako bi talderen artean. «2014an, esaterako, herriko bi talde Ibarrako nesken aurka aritu ziren. Aurten, ordea, talde bat osatzeko ere nahiko lan izan dugu!». Baina, osatu dute, eta ibartarren aurka ariko dira, harriari tiraka, plaza gehien ea nork egiten dituen.

Helburua argia da: «Lehenengo, irabaztea, eta gero, ahal bada, duela lau urte, bidaniarrek jarritako marka (60 plaza) hobetzea. Oso zaila izango da, ordea». Bidaniak sei laguneko taldea osatuko du, 600 kiloko harria mugitu ahal izateko; Ibarrak, berriz, zortzi lagunen artean tira beharko du 550 kiloko harria. Bi probetarako, ezinbestekoa da taldekideen pisua era batekoa edo bestekoa izatea. «Komenigarria izaten da desafiorako pisu gutxiko jendea bilatzea, eta giza probako, berriz, pisu handiagokoa. Hortaz, erdibideko zerbait bilatzea izaten da egokiena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!