Bidaniko San Bartolomeak 2018

Suzirien ondotik, zintzurra bustitzera edota jolastera

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 23a, 20:03

Bidaniko San Bartolome festei, gaur arratsaldean eman diete hasiera. Udaletxeko balkoian, Miren Larrarte herritarrak piztu ditu suziriak; ondoren, herriko gazteek poteoa egin dute, eta haurrak jolasetan aritu dira.

Azken urteetan erakutsitako kirol mailagatik, Miren Larrarte bidaniarrak izan du aurtengo mezua bota eta bolanderei su emateko ardura. Batekin nahikoa ez, eta lau piztu ditu, herritarrei festak hasi direla ohartarazteko. "Ondo pasa San Bartolome festak" esan eta txapliguak lehertzearekin batera, trikitilariak herria girotzen hasi dira. Horrela, jada tradizio bihurtu den poteoari ekin diote.

Garai batean, eguerdiko 12:00etan hasten ziren, baina ohitura hura luzeegia egiten zitzaiela onartu dute herritarrek. Hortaz, azken urteetan bezala, Kontzeju tabernan tragoa hartu ondoren, karrozara igo, eta Iriarte Jauregia hotelera joan dira. Bertan, oinak astintzen hasi dira, trikitilariei erantzunez, eta urteroko argazkia atera dute.

Jarraian, haur eta gaztetxoen txanda heldu da. Aulki jokoan, koilara ahoan sartuta, lokotx biltze berezian, pirikaioarekin trebatzen edota soka-tiran aritu dira. Guztiek ere arratsalde bikaina pasa dute herriko plazan. Orain, meza garaia dute herritarrek. Gauean, berriz, herri afariaz gozatu ahal izango dute, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal bertsolariek alaituko dutelarik. Egunari behar bezalako amaiera emateko, dantza gehiago egiteko aukera izango da Elizagoien ahizpen eskutik. Bihar, berriz, herriko patroiaren eguna ospatuko dute; egun handia. Nahiz eta egitaraua oso oparoa ez izan, pilota partidetan nahiz giza proban jende ugari biltzea espero dute.

Bidania ere, beste zenbait herri bezala, eraso sexistarik gabeko jaien aldeko mugimendura batu da. Hori dela eta, aldarrikapen mezuz eta pankartaz bete dituzte herriko txokoak, eta festen atarian, txapa batzuk atera dituzte, nornahik soinean eraman ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!