Goiazko Andramari jaiak 2018

Erakustaldia, desafioa baino gehiago

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abuztuaren 15a

Goiazko Andre Mari festen barruan, herri kirol saioa eskaini dute, mukuru bete zegoen herriko plazan, Goiatz eta Bidaniako gazteek, eta aizkolari eta harri-jasotzaile profesionalek. Azkenean, goiaztarrak izan dira bizkorrenak.

Bi herrietako gazteen arteko desafioa izan behar zuena, erakustaldi ederra bilakatu da, gaur arratsaldean, Goiazko plazan. Bertan, herri bakoitzeko seina gazte bildu dira, elkarren aurka, herri kiroletako zenbait probatan aritzeko. Hala ere, lehenago, Julen Alberdi Txikia IV. eta Eneko Otaño aizkolariek, eta Jon Unanue Goenatxo III eta Mikel Lopetegi Urra harri-jasotzaileek girotu dute saioa.

Aizkolari bakoitzak, bi egur ebaki behar izan ditu aurrena. Lehenean, kolpe kopurua neurtu da, eta bigarrenean, berriz, ebakitzeko abiadura. Harri-jasotzaileei dagokienez, Goenatxok, 4 jasoaldi eman dizkio 175 kiloko harri errektangularrari, eta bi minututan, 9 aldiz jaso du 125 kiloko harri kubikoa. Urra, bestalde, 125 kiloko zilindroarekin aritu da bi minutuz, eta 115 kiloko harri baldarra, 7 aldiz altxatzea lortu du.

Ondoren, bi herrietako gazteak sartu dira lehian. Lehenik, aizkolariek ebaki behar izan dute enborra. Ondoren, harri-jasotzaile bakoitzak, 5 altxaldi eman behar izan dizkie 100 kiloko bolari. Jarraian, trontzalariek hiru aldiz ebaki behar zuten egurra. Txingan, plaza bat eta erdi egin dituzte, lokotxak biltzen hasi aurretik. Azkenik, lasterka, bi buelta eman behar zizkioten plazari. Proba guztia erreleboka joan da, eta lau erronda egin dituzte. Azkenean, talde laranja, goiaztarra izan da garaile. Amaieran, gainera,  bi harri-jasotzaileek buelta bat eman diote plazari, bertaratu diren ikusleen gozamenerako.

Herrien arteko herri kirol desafioa:

Goiatz, talde laranja: Txikia, Goenatxo, Joseba, Andoni, Oier, Julen, Egoitz eta Unai.

Bidania, talde urdina: Otaño, Urra, Auxkin, Joseba, Oinatz, Aitor, Auritz eta Josu.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!