14:00ak ez da txupina jaurtitzeko ohiko ordua izaten. Goiatzen, aldiz, normalean bazkaltzeko ordua izaten den unean emango diete hasiera festei, suziriekin eta ezkilen hotsekin. Ondoren, karten urteroko zita helduko da: XVI. mus txapelketa herrikoia. Frontoian jokatuko da eta sari ederrak lortu ahalko dira, lehen sailkatuek jasoko dituzten 500 euro eta txapeletatik hasita.
Hurrengo egunean, musika aldetik etorriko da aurtengo nobedade handiena, I. Goiazko Trikiti Txapelketa. Astelehenean, hilak 13, berriz, haur jolasez gozatzeko aukera egongo da, eta hurrengo eguneko plater nagusia sagardo dastaketa izango da. Bertan, Zabala, Zapiain, Aburuza, Bereziartua, Lizeaga, Petritegi eta Urdaira sagardoak dastatu ahalko dira. Egun berean, gaueko 22:30ean, gure artean ohikoak diren bi modalitate nahastuko dira herriko frontoian. Lau herritarrek, esku pilota txapelketa mistoko finala jokatuko dute bi bikotetan banatuta, eta tanto eta tanto artean, jaialdia bertsoz alaitua izango da.
Ezin da aipatu gabe utzi gauero egongo dela erromeriaz gozatu eta plazan dantzan aritzeko aukera, gainontzeko herri askotan bezala. Gauza bera gertatuko da, hilaren 15ean, Ama Birjin egunean. Hala ere, lehenago, ohiko meza nagusiaren eta erretirodunen hamaiketakoaren segidan, kirola izango da protagonista. Goizean, pilota partidak jokatuko dituzte herriko gaztetxoek; arratsaldean, berriz, ikustekoa izango da herri kirol saioko lehia eta sortuko duen pike sanoa.
ABUZTUAK 11, LARUNBATA
14:00. Jaien hasiera suziri eta ezkilekin.
Ondoren. XVI. Mus Txapelketa. izen-ematea: 15:30-16:00.
21:00. Herri afaria frontoian.
23:30. Itzeder eta Lidia trikitilariak.
ABUZTUAK 12, IGANDEA
11:15. Meza nagusia.
Ondoren. Herriko dantzariak.
Jarraian. Poteo herrikoia.
18:00. I. Goiazko Gazteen Trikiti Txapelketa.
22:30. Irati eta Maialen trikitilariak.
ABUZTUAK 13, ASTELEHENA
17:00. Haur jolasak.
Ondoren. Txokolatea nahi duenarentzat.
ABUZTUAK 14, ASTEARTEA
19:00. Sagardo dastaketa. Pintxoak doan dastatzeko aukera egongo da.
22:30. Bertso pilotako finala, bertsolariek alaiturik.
Ondoren. Bide Batez musika taldea.
ABUZTUAK 15, ASTEAZKENA
11:15. Meza nagusia.
Ondoren. Helduentzat hamaiketakoa.
12:30. Herriko gaztetxoen pilota partidak: Dorronsoro/Altuna; Iraeta-Aramendi/Elola-Aranzadi.
19:00. Herri kirolak: Bidania, Goiatzen aurka. Txikia eta Otaño aizkolariak, Goenatxo II eta Guzta harri-jasotzaileak eta herriko gazteak trontzan, korrika eta lokotx biltzean.
22:30. Elizagoien ahizpak.