Goiazko Andramari jaiak 2018

Haurrak ahaleginetan, gurasoen gozamenerako

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abuztuaren 13a

Gaur arratsaldean, haur eta gaztetxoen jolasak ospatu dituzte Goiazko Andre Mari jaietan. Aritu diren proba desberdinetan, haurrak nola hala saiatu dira ahalik eta ondoen egiten, gurasoen barre algarak eraginez.

Ateri eutsi dio zeruak, arratsaldean, Goiatzen. Badaezpada ere, txikienak frontoi barruan aritu dira, lokotxak biltzen, ahoan koilara sartuta goxokiak eramaten edota aulki jokoan. Kanpoan, berriz, gaztetxoen lehia ikusi ahal izan da. Lehia estua bezain bizia. Pike sanoa, ordea, nagusi izan da. Hala ere, pirikaioarekin aritu dira ahulenen. Ederki kosta zaie alde batera zein bestera gurpil itxurako tramankulua eramaten. Lokotxa biltzen eta ura garraiatzen, nahiz belarriz belarri mezuak zabaltzen finago aritu dira.

Gaurkoa, haurrentzako prestatutako eguna izan bada ere, hurrengo bi egunetan ere izango dute zertaz gozatu. Baita helduek ere. Bihar, esaterako, Ama Birjin egunaren bezperan, sagardoa dastatzeko eta bertso pilotako finalak ikusteko aukera izango dute, erromeriaren aurretik. Ama Birjin egunerako ere, egitarau oparoa prestatu dute.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!