Goiazko Andramari jaiak 2018

«Zerbait handia izango da txapelketa; ilusioz gainezka gaude guztia ondo atera dadin»

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 11a, 08:49

Goiazko Andre Mari festen barruan, bihar arratsaldean, I. Trikitilari Gazteen Txapelketa jokatuko da. Horri buruz eta Goiazko jaien inguruan hitz egin dugu Egoitz Aburuzarekin.

Trikiti munduarekiko zaletasun handia izan du gaztetatik Egoitz Aburuzak (Bidania-Goiatz, 1996). Urte batzuetan, instrumentua jotzen jardun bazuen ere, pilotak gehiago erakartzen ziola jabetu, eta musikarako afizioa alde batera utzi behar izan zuen. Orain, gainera, herriko festa batzordeko kidea da, eta Andre Mari jaietan zerbait faltan botatzen zuenez, trikitilari ugarirekin hitz egin eta lehiaketa bat antolatzeko ideia aurrera eramatea erabaki zuen. Horrela, gaur hasiko diren festen barruan, lehen aldiz ospatuko da mota honetako txapelketa bat Goiatzen.

Zer dela eta antolatu duzue trikiti txapelketa? Horrelako zerbait falta zela iruditzen zitzaizuen?

Aurten, festetako bigarren eguneko arratsaldea bete gabe genuenez, festa batzordeko kideak, buruari eragiten hasi ginen, ahalik eta jende gehien inguratu ahal izateko zerekin osatu genezakeen pentsatzen. Nik, trikiti mundua betidanik izan dut gustuko, eta herri askotako festetan, sarritan joan izan naiz trikiti jaialdiak, emanaldiak edota erromeriak ikusi eta entzutera. Hori dela eta, ideia hori proposatu nien gainerako kideei, eta beraiek begi onez ikusi zuten lehiaketa bat egitearen proposamena. Ondoren, batzuekin zein besteekin kontaktuan jartzen hasi nintzen, eta Kristina Solano trikitilariarekin eta Aritz Garmendia pandero jotzailearekin hitz egitea lortu nuen. Haien laguntzaz, guzti hau nola antolatu ohi den eta zer egin behar zen jakitea lortu nuen.

Lehen aldia denez, eta aurreko edizioetako erreferentziarik ez duzuenez, guztia ondo ateratzearen urduritasunarekin zaudete?

Pixka bat bai, ez dizut gezurrik esango. Guretzako lehen aldia da, eta beraz, guztia ondo ateratzea erraza ere izango ez denez, txapelketa polit bat osatzen saiatuko gara. Atzo ere antolatzaileen artean hitz egiten aritu ginenean bi kezka nagusi azaldu ziren: eguraldia eta publikoa. Biak ala biak ez daude gure esku, eta beraz, horiekin asmatzea ere nahiko genuke. Gero, gainera, afaria egiteko asmoa dugu bertan, parte hartzaileekin eta euren familiekin batera. Guztira, 52 bat lagun daude izena emanda oraingoz, eta afal ostean ere trikiti doinuak entzuteko aukera izango da. Zerbait handia izango da txapelketa, eta ilusioz gainezka gaude guztia ondo atera dadin.

Eta txapelketari dagokionez, zenbat parte hartzaile izango dira? Nondik datoz?

Denera, 12 partaide izango dira, hau da, 6 trikitilari eta beste hainbeste pandero jotzaile. Errezildik hasita, Azpeitia, Villabona edota Goiaztik bertatik ere animatu dira musikariak.

Nola lortu duzu horiek lotzea?

Lehen, trikitixa jotzen aritzen nintzenez, irakasle, aditu eta ezagunekin kontaktuan jartzen hasi nintzen. Esaterako, Kristina Solanori deitu nion, trikitilariak lortu ahal izateko. Horrela, bere ikasle batzuk hartuko dute parte. Azpeitian nahiz Errezilen irakasle aritzen direnekin ere gauza bera egin nuen, eta haietako bakoitzak, bikote bat ekartzea lortu zuen. Trikitilariak lortzeaz gain, beharrezkoa izaten da emanaldirako azpiegitura ona izatea. Musika-ekipoarekin eta bozgorailuekin sekulako lana egiten ari da Iosu Eskibel, eta beraz, bera eskertzea ere beharrezkoa dela uste dut, bera gabe ezingo genukeelako horrelako ekitaldirik ospatu.

 

 

Adinari dagokionez, badago mugarik?

18 urte artekoa izan da izen emateko langa. Hala ere, kasu honetan, 13-16 urte bitarteko gazteek hartuko dute parte txapelketan.

Trikiti txapelketa nola burutuko da? Zer aztertuko du epaimahaiak?

Bikote bakoitzak, hiru kanta jo beharko ditu. Lehenengo, porrusalda; ondoren, trikitixa; eta amaitzeko, fandangoa edo arin-arina, bietako bat aukeran. Epaimahaiari dagokionez, Jagoba Uranga trikitilaria eta Aiora Irazusta pandero jotzailea izango dira bertan, gaztetxoen lanei puntuak ematen. Hauek, jotzeko gaitasuna eta oholtza gainean emandako itxura puntuatzeaz gain, kalitatea, teknika edota originaltasuna ere hartuko dituzte kontuan.

Eta sailkapena ezagutu ondoren, sariak banatuko dira.

Bai. Guztiek jasoko dute sariren bat edo beste, batzuk handiagoa, eta besteek txikiagoa. Lehenengo sailkatuek, txapela janzteaz gain, ordainsari bat ere jasoko dute. Gainerako partaideei, berriz, garaikurrak eta ordainsariak banatuko zaizkie. Horiez gain, trikitilari eta pandero jotzaileek, doan afaltzeko aukera izango dute, txapelketan parte hartzeagatik.

Zuk ere aipatu duzu, trikitilari izandakoa zarela.

Hala da, bai. Bizpahiru urtez aritu nintzen trikitia jotzen, eta jaialdi batean soilik hartu nuen parte. Beraz, historial handirik ere ez dut; izan ere, betidanik gustuko izan dudan zerbait da, baina aldi berean, pilotan ere aritzen nintzen; hortaz, bi diziplinetako bat utzi eta besteari heldu behar nion. Pilotari izaten jarraitzea erabaki nuen, une horretan gehiago erakartzen ninduelako.

Eta non izan zen jaialdi hura?

Aiako Aristerratzu auzoko plazan, zenbait trikitilarirekin batera aritzeko aukera izan nuen. Guztiak ere, irakasle berarekin ikasitakoak ginen, eta saio bat eskaini ahal izan genien bertara joandakoei. Eta gainontzean, herriren batera edo bestera ere joan izan ginen. Hala ere, ezer berezirik ez nuen egin.

Festak hasteko gogotsu al zaude?

Bai, bai. Ea jaietan ere eguraldiak laguntzen duen, eta guztia ondo joaten den. Andre Mari festetan, gainera, lehiaketaz gain, trikiti kontzertuak eta erromeriak badira; beraz, instrumentu hau dagoen lekuan, gu gustura egoten gara.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!