Sukaldaritzan trebatzen, herritik atera gabe

Imanol Garcia Landa 2016ko martxoaren 17a

Kukuri elkarteak beste behin antolatu du sukaldaritza ikastaroa. Dagoeneko lau saio egin dituzte eta azken eguna martxoaren 29an izango dute. Anita Uzkudun da irakaslea eta Saiaz elkartean gauzatzen dituzte saio praktikoak.

Aitziber Labaka eta Alazne Senperena dira ikastaroko partaide gazteenak. Labakak azaldu duenez, ikastaroan parte hartzen ari dira «sukaldaritza gustatzen zaigulako eta herrian antolatzen diren ekintzetan parte hartzea garrantzitsua delako». Senperenak gaineratu duenez, «herritik kanpo sukaldaritza ikastea garesti ateratzen da baita ere, eta hau Kukuri herriko elkarteak antolatzen duenez, azkenean prezioz ere ondo ateratzen zaigu. Irakasleak, Anita Uzkudunek, aurretik jatetxea izan zuen, aditua da, eta gustatzen zaigu berak erakusten duena. Azkenean eguneroko janaria nola prestatu ikasten ari gara». 

Saio bakoitzean lehenengo platera, bigarrengoa eta postrea prestatzen dituzte, eta ondoren, prestatutakoa afaltzen dute. Aurreko saioan pentsatzen dute hurrengorako zer egingo duten. «Plater oso zailak ez dira izaten, egunero jateko modukoak prestatzen ditugu. Erraz eta edozeinek prestatzeko modukoak izaten dira», esan du Labakak. «Adibidez», esan du Senperenak, «txipiroiak nola garbitzen diren ikasi genuen saioan eta bi modutara prestatu genituen, bai plantxan eta bai tintan. Ez dira plater zailak, baina lana ematen du ondo egiteak». Biek nabarmendu dute ikastaroan dagoen giro ona eta animatu diete herriko jendeari hurrengo urtean izena ematera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!