Sukaldari brasildar bat Goiatzen

Imanol Garcia Landa 2016ko urt. 20a, 14:26

Gerson Ramos, Dendale ostatuan.

Gerson Ramosek hartu du Goiazko Dendale ostatuaren ardura.

Brasilen jaioa, leku askotan ibili da Gerson Ramos, eta bere egungo geltokia Goiatz da. Bertako Dendale ostatuaren ardura hartu du orain hilabete eta erdi. «Lagunen bidez iritsi naiz hona», esan du Ramosek. «Urte asko daramatzat ostalaritzan. Lokalak izan ditut Katalunian, Tenerifen... Lagunen bitartez jakin nuen Dendale ostatuaren kudeaketa lehiaketara atera zela, lehiaketara aurkeztu eta hona iritsi naiz».

Bidania-Goiazko Udalaren jabetzakoa da Dendale ostatua. Taberna eta jangela ditu, eta goiko pisuan etxebizitza bat, ostatuaren ardura hartzen duenaren erabilerarako. Ramos bera bakarrik aritzen da zerbitzua ematen, eta asteburuetarako laguntzaile bat izaten du.

Eguneko menua du astean zehar, eta gero asteburuari begira menua berezi bat du eta baita sagardotegi menua ere. «Nahiko ondo funtzionatzen ari da», esan du Ramosek. «Gainera garbi dago horrelako leku batean ez baduzu asteburuetan lan egiten, astean zeharreko lanarekin oso zaila dagoela aurrera egitea».

Orain oinarrizko elikagaiekin eta sukaldaritzarekin ari dela dio Ramosek. «Mugimendu gehiago izaten hasten bada, aukera gehiago emango ditugu menuan. Ni neu Gipuzkoako lan egiteko moduarekin egokitzen ari naiz. Zonalde bakoitza mundu bat da. Adibidez, ez nuen ezagutzen hamaiketakoa zer zen, eta, beraz, niretzako erronka bat da, eta ikasten noa». Ramosek hainbat sukaldaritza mota ezagutzen dituela dio: italiarra, frantsesa, brasildarra... «Ikusten dut herri txikietan eskaera eta eskaintza murritzagoa izaten da, jendeak ohitura jakin batzuk ditu. Beraz, menu mota horretara egokitzen ari naiz, bertako bezeroek eskatzen dutenera, eta gero espero dut aukera izatea beste produktu batzuk eta beste sukaldaritza batzuk eskaintzeko. Azken finean, urte guzti hauetan ikasten joan naizena eskaintzeko aukera izatea».

Ostatuaren izenari lotura eginez, zenbait produktu erosteko aukera eskaintzen du Ramosek. «Oinarrizko elikagaiak ditu, tartean ekologikoak, eta etxerako produktuak ere bai. «Eskaeraren arabera ere joango gara eskaintza zabaltzen», esan du Dendale ostatuaren arduradunak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!