Apirilaren 30etik aurrera egungo edukiontziak kendu egingo dituzte Bidania-Goiatzen, eta herrian eraiki diren hiru etxoletan baino ez dira egongo. Ontzi arinak, papera eta errefusa bertan bota beharko dira. Organikoa, aldiz, norberak konpostatu beharko du auto konpostagailuen bidez. Lursailik ez dutenentzako bi auzo konposta gune prestatu dira.
Bidania-Goiazko Bildutik azaldu dutenez, «aldaketa honen oinarria, herritarrek, euren hondakin organikoa konpostatu behar dutela da. Horretarako, auto edo auzo konposta nola egin ikasteko tailerrak antolatu dira».
Lehen ikastaroa gaur izango da, 19:00etan, Bidania-Goiazko udaletxean. Bigarrena, martxoaren 15ean izango da, larunbatean. Kasu honetan bilera 11:00etan hasiko da, eta udaletxean izango da.
Tailer hauetan aldaketaren berri emango dute, eta herritar bakoitzaren xehetasunak azaldu ahal izango dira. Bidania-Goiazko Udalak tailer hauetan parte hartzera animatu ditu herritar guztiak.