Gurpil aulkiko Gipuzkoako Pilota Txapelketa igandean hasiko da, Bidegoianen. Herrialdeko pilota federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak antolatu dute txapelketa. Lau bikotek hartuko dute parte eta jardunaldi bakoitzean bikote guztiak guztien aurka jokatuko dute, hau da, sei partida guztira. Partida irabaztea bi puntu, galtzea puntu bat eta ez agertzea 0 puntu suposatuko du. Aurreneko hiru jardunaldiak amaituta, lehenengo eta bigarren sailkatuek finala jokatuko dute.
Igandean izango da, beraz, lehen jardunaldia, Bidegoianen. 11:00etan hasiko dira partidak. Bigarren jardunaldia Donostian izango da, martxoaren 16an. Apirilean egingo da hirugarren jardunaldia, Soraluzen. Azkenik, Usurbilen jokatuko da finala eta hirugarren eta laugarren posturako partida, Soraluzeko jardunaldia jokatu eta hamabost egunetara. Ligaxkan 15 tantora jokatuko dira partidak eta finalean 25 tantora.