ELKARRIZKETA

«Geroz eta pasio handiagoarekin jarraitzen dut pista barruan»

Leyre Carrasco 2026ko martxoaren 28a

Gaiza Zabala gidaria. SANTIAGO PIXEL

Drift Spain txapelketan buru-belarri murgilduta dabil Gaizka Zabala; iaz, Espainiako txapelketan bigarren amaitu zuen eta aurtengo denboraldira begira helburu argia du: irabazle titulua eskuratzea.

Euskal Herrian drift modalitatea historikoki oso ezaguna ez den automobil-diziplina bat da. Gaur egun, ordea, geroz eta gehiago dira kirol hau praktikatzen duten euskal pilotuak eta eskualdean ere badira hainbat. Horietako bat da Gaizka Zabala (Berrobi, 1993). Txikitatik du autoetarako afizioa eta 2015ean hasi zen lehiaketetan parte hartzen. Geroztik ez da pistatik atera, eta bertan nola disfrutatzen duen kontatu du.

Drift Spain txapelketako lehen erronda lehiatu zenuen martxoaren 7ko asteburuan Madrilgo Jarama zirkuituan. Zer moduz joan zen?

Asteburua polita izan zen baina aldi berean gogorra. Eguraldi aldaketa asko izan genituen, eta horrek gauzak zaildu zizkigun bai pistan eta baita pistatik kanpo. Momentu gogorrak izan arren, bigarren postua lortu genuen. Aurtengo denboraldi hasiera ona izan dugula esan dezaket, eta oso gustura geratu naiz lehen emaitza horrekin.

«Aurtengo denboraldi hasiera ona izan dugula esan dezaket, eta oso gustura nago lehen emaitza horrekin»

Nondik datorkizu drift modalitatearekiko pasioa?

Drift modalitatea ikusi orduko piztu zitzaidan kuriositatea. Modalitate honetan, gainontzekoetan ez bezala, ez gara denboraren kontra lehiatzen, aurkariaren kontra baizik, eta aurkariaren kontra izaten diren borrokak izugarriak dira. Nire lehen karrera 2015ean izan zen Olaberriko zirkuituan parte hartu nuenean, eta geroztik horretan jarraitzen dut. Egia esan modalitate hau probatzen duen jende gutxik uzten du alde batera, eta nire kasuan, egun hartatik geroz eta pasio handiagorekin jarraitzen dut pista barruan.

 

«Drift modalitatea probatzen duen jende gutxik uzten du alde batera»

Gogoan duzu izan zenuen lehen autoa? Zein oroitzapen dituzu?

Lehiaketetan hasi nintzen nire lehen autoa gaur egun rally edota igoeretan erabiltzen dudan BMW E30a da. Harekin lehiatu ditut drift munduko nire lehen lehiaketak ere. Oroitzapen handiko kotxea dut, lehenengo postu batzuk lortu baititut harekin, baina hori baino lorpen handiagoa izan da niretzat berarekin disfrutatu ditudan karrerak, ez direla gutxi izan.

Noiz hasi zinen lehiaketetan parte hartzen? Zerk edo nork animatu zintuen?

Txikitatik ikusi ditut kotxeak eta lehiaketak, aukera izan orduko, kotxean txofer aritzen nintzen, eta 2015ean debuta egin nuen igoeretan eta drift munduan.

Gaur egun zein autorekin aritzen zara?

Gaur egun drift munduan nago sartuta, eta BMW E36a dut eskuetan 343 zaldiko motorrarekin. Kotxea oso dibertigarria eta segurua da, baina beste lehiakideen autoekin alderatuta, zaldi batzuen faltan ibiltzen gara. Orain bigarren kotxea prestatzen gabiltza, 500 zaldi inguru dituen BMW E46a, hau da, lehen postua lortzeko errazagoa izango den kotxea izango da hori.

Zer sentitzen duzu pistara ateratzen zarenean?

Lehiaketetan nagoenean sentimendu ugari izaten ditut, askotan nerbioek momentu txarrak pasarazten dizkidate, baina normalean momentuaz disfrutatzen saiatzen naiz eta egunerokotasuna alde batera uzten dut. Pista barruan sentitzen dudan adrenalinak ez du parekorik.

Nola prestatzen dituzu lehiaketak? Hau da, non egiten dituzu entrenamenduak? Zenbatero?

Espainiako lehiaketaz gain, Gaztela eta Leongo lehiaketan ere parte hartzen nabil, eta hortaz aparte, Olaberriko edo beste zirkuituetako motor showetan ere parte hartzen saiatzen naiz entrenamendu gisa erabiltzeko. Entrenamenduek garrantzi handia dute, baina denbora eta aurrekontu handia eskatzen du mundu honek, eta ahal dudan neurrian aprobetxatzen saiatzen naiz.

Nolakoa da zure gidatzeko estiloa?

Segurua eta garbia, nahiz eta urte luzez lehiatzen aritu modalitate desberdinetan, ikasten jarraitzen dut, batik bat, drift munduan.

Zein erreferente dituzu?

Rally eta igoeretan Iñaki Alberdi azpeitiarra, eta drift munduan James Deane irlandarra dut gustuko, gidatzeko duten era ikusgarriagatik.

 

«Drift mundua ez da oso ikusia izan Euskal Herrian, baina azken urte hauetan zaletasun gehiago nabari da, eta hori pozgarria da»

Euskal Herri mailan kirol honen inguruko zaletasuna dagoela uste duzu?

Drift mundua ez da oso ikusia izan Euskal Herrian, baina azken urte hauetan zaletasun gehiago nabari da, eta hori pozgarria da, nahiz eta Euskal Herrian lehiaketarik ez egon bertakoen animoak jasotzeko.

Zein izan da orain arte izan duzun lorpenik handiena?

2025eko denboraldian Espainiako bigarren postua lortu nuen, eta nahiz eta emaitza hobeak lortu izan ditudan beste lehiaketatan, denboraldi honetan egindako lanak eta lortutako emaitzak lorpen handiak dira niretzat. Emaitza horien parte handi bat gaur egun nire alboan dudan taldeari esker da.

«Nire aurtengo helburua 2026ko denboraldian Espainiako txapelduna izatea da, eta ahal dudan bitartean hori lortzeko borrokan jarraituko dut»

Zein helburu dituzu epe motzera?

Nire aurtengo helburua 2026ko denboraldian Espainiako txapelduna izatea da, eta ahal dudan bitartean hori lortzeko borrokan jarraituko dut.

Aitortzak ere jaso izan dituzu; azkena txapeldunen galan jaso zenuen, RFEDAren eskutik. Nola hartzen dituzu horrelakoak?

Gustura hartzen ditut, alegia, aurretik egiten den lan guztiaren saritzat hartzen ditut.

Apirilean Valentzian lehiatuko duzu Drif Spain txapelketako bigarren erronda. Zer espero duzu?

Bigarrengo erronda lehen inoiz lehiatu ez dudan zirkuitu berri batean tokatzen da, hau da, Valentziako Aspar zirkuituan. Nahiko azkar ikasten duen pilotu bat kontsideratzen naiz, eta hortaz, bentaja txiki hori aprobetxatu eta ahal dudan postu onena lortzen saiatuko naiz.

Chowa Photography.

Nola prestatzen zara psikologikoki horrelako ekitaldi baterako?

Nire aurkaririk handiena nerbioak dira; lehen aipatu bezala, nerbio handiko pertsona naiz, eta lasaitzeko lehiaketa eguna egun normal bat izango balitz bezala hartzen saiatzen naiz. Kanpotik ikusita ematen ez duen arren, modalitate honetan burua zaintzea oso garrantzitsua da.

Zein gomendio emango zenioke modalitate honetan hasi nahi duen pertsona bati?

Drift modalitatea probatu nahi duen pertsona bati, aurreneko pausoa kotxerik merkeena hartzeko eta berarekin disfrutatzeko esango nioke. Ez da autorik onena behar ikasteko eta disfrutatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!