Berrobin jantziko dira txapelak

Ataria 2025eko ekainaren 26a

Iritsi da dagoeneko IX. Ataria Pilota Topaketaren egun handia. Igande goizean hamabi bikote ariko dira lehian Urreburu pilotalekuan jokatuko diren sei finaletan.

IX. Ataria Pilota Topaketako finalak jokatuko dira Berrobiko Urreburu pilotalekuan igande honetan, hilaren 29an, 10:00etatik aurrera. Guztira 260 pilotarik eman zuten izena, topaketa jokatu den sei mailatan aritzeko, eta igandeko finalen ondoren banatuko dira txapelak eta oroigarriak.

Eskuz bost kategoriatan aritu dira jokatzen pilotariak. Benjamin B mailan, Aranburu eta Ugartemendia billabonatarrak (Behar Zana) Goikoetxea abaltzisketarra eta Irazusta amezketarraren (Zazpi Iturri) aurka jokatuko dute. Benjamin A mailan, Nazabal eta Artega baliarraindarrek (Zazpi Iturri) Gorostidi eta Artola amezketarrak (Zazpi Iturri) izango dituzte aurkari. Nesken benjamin-alebin mailan, Txapartegi berastegiarrak (Berastegi) eta Elosegi billabonatarrak (Behar Zana) Aizpurua albizturtarraren (Albiztur) eta Alkorta zizurkildarraren (Ziotza) aurka jokatuko dute. Alebinetan, Altuna berrobitarrak eta Artola tolosarrak (Tolosa) Zufiria eta Etxarri billabonatarrak (Behar Zana) izango dituzte aurkari. Infantiletan, Eizagirre larrauldarrak eta Elosegi billabonatarrak (Behar Zana) Arteaga baliarraindarra eta Toledo legorretarra (Zazpi Iturri) izango dituzte aurkari.

Palaz aurtengoan kategoria bakarra izan da, benjamin-alebin-infantil mailakoa, eta finalean Ortiz de Murua billabonatarra (Behar Zana) eta Elola altzotarra (Intxurre) Arruti zizurkildarraren (Ziotza) eta Garitano billabonatarraren (Behar Zana) aurka ariko dira.

Sei finalen ordena

Urreburu pilotalekuan finalak jokatuko diren ordena ondorengoa izango da: benjamin B maila eskuz, benjamin A maila eskuz, nesken bejamin-alebin maila eskuz, benjamin-alebin-infantil maila palaz, alebin maila eskuz eta azken finala infantil mailakoa eskuz.

Sari banaketan pilotari ezagunak izan ohi dira, eta aurtengoan ere horrela izango da: Jon Ander Peña eta Martxel Iztueta tolosarrak eta Miren Larrarte bidaniarra izango dira txapela eta oroigarriak ematen sari banaketan. Luis Galarraga topaketaren koordinatzaileak azaldu duenez, «goiz pasa polita izaten da Ataria Pilota Topaketako finalak, eta jendea animatu nahi dugu Berrobira joatera». Finalak «oso politak» izango direla aurreikusi du: «Finalerdiak gogorrak izan dira, eta finaleko neurketak disfrutatzeko moduko partidak izango dira».

Horrelako egitasmo bat antolatzeko eskualdeko pilota elkarteen eta eskolen parte hartzea ezinbestekoa da, eta beraiei esker egiten du aurrera urtero Ataria Pilota Topaketak. Aurtengoan lehen aldiz jokatuko dira finalak Berrobin, eta bertako udalari zein herriari ere eskertzen dio antolakuntzak, ekitaldia bertan egiteak jaso duen harrerarengatik.

Aparkatzeko oharra

Jende ugari izan ohi da finaletan, kontuan izanik pilotari finalistak 24 izango direla, eta beraien familiakoak partida garrantzitsu hauetan ondoan izango dituztela. Hori horrela, Berrobiko Udalak aparkalekuak prestatuko ditu herrira joaten diren autoentzat. Lehenbizi, Urreburu frontoiaren goialdean dagoen futbol zelaia irekiko da aparkaleku gisa. Hori betetzen denean, eskolaren ondoan dagoen lurrezko aparkalekua erabiliko da, eta auto guztiak sartzeko hori nahikoa ez balitz eskolaren aterpea ere irekiko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!