Berrobiko Gaztetxea berriro zabalik

Ataria 2025ko mai. 1a, 11:00

Herriko gazteak biltzeko eta herriari bizia emateko helburuarekin jarriko dute martxan Berrobiko Gaztetxea. Maiatzaren 17an egingo dute inaugurazio ekitaldia.

1998. urtean ezerezetik sortu ziren Berrobiko udaletxe ondoko aparkalekua eta bere azpian udaletxearen erabilerarako sortutako aretoa. Areto berrian igarotako aurreneko urteetan mantendu zen hala nola Begi Gorri Gaztetxearen jarduna. 2015ean, Gaztetxeak ateak itxi behar izan zituen, eta geroztik hala egon dira.

Duela urtebete, ordea, gazte topagunea sortzeko prozesua abiatu zuen Berrobiko Udalak herriko gazteekin batera. Olaia Etxenagusia berrobitarrak kontatu duenez, udaletxearen eskutik jasotako proposamena ilusioz hartu zuten: «Udalak proposamena eskaini zigunean, herriko gazteak berehala mugitu ginen eta ideia bikaina zela iruditu zitzaigun, batez ere, herrian ez dugulako lokalik gazteen artean biltzeko eta hori beharrezkoa dela iruditzen zaigu».

Lokala dagoeneko erabilgarri dago. Lau metroko barra luze bat du, baita sukaldea eta komunak ere. Udalak lokala eskuratu zuenean, gainera, zenbait aldaketa egin zizkion; bozgoragailuak aldatu zituen eta musika instrumentuak konektatzeko gailuak jarri zituen. Baina lokala erabilgarri egoteko arau batzuk bete behar izan dituela jakinarazi du Etxenagusiak, eta nabarmenetako izan da larrialdietako irteera bat egitea.

Urtebeteko lanaren ostean, Gaztetxeak berriro zabalduko ditu ateak. Herriko 16 gazteek hartu dute hori kudeatzeko ardura, 18 urtetik hasita 23 urtera arte. «Beste edozein Gaztetxek duen erabilera eman nahi diogu, baina batez ere, herriko gazteek denbora pasatzeko gune bat izatea nahi dugu eta herriari zerbait eskaintzeko ekintza desberdinak antolatu nahi ditugu», gaineratu du Etxenagusiak.

Maiatzaren 17an egingo dute inaugurazio ekitaldia, eta egun horretan bertso bazkaria, monologoa eta kontzertuak izango dituzte bertan.

EGITARAUA

Maiatzak 17, larunbata

  • 14:30. Bertso bazkaria Joanes Illarregi eta Andoni Rekondoren eskutik.
  • 19:30. Monologoa: Xabier Arraztoa, Lander Varona, Esti Curiel eta Julen Pagazaurtudua.
  • 23:00. Kontzertua: Gorrotobala. Ondoren, musika.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!