Gazte topagunea sortzeko prozesua abiatu dute Berrobin

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 12a, 17:50
2012an babarrun jatea egin zuten Begi Gorri gaztetxean.

Herriko gazteak biltzeko eta herriari bizia emateko helburuarekin jarri du martxan proiektua Berrobiko Udalak; atzo bildu zen arkitektoekin Begi Gorri gaztetxeko segurtasun baldintzak aztertzeko asmoz.

Berrobiko Udalak gazte topagunea sortzeko prozesua abiatu du herriko gazteekin batera. Azken urteetan herrian ez zirela gauza asko antolatzen adierazi du Iker Elustondo zinegotziak, «eta udaletxera sartu ginenean gazteak mobilizatzea erabaki genuen, izan ere, beraiek ere ikasteko edo denbora pasatzeko leku bat eskatu zuten, eta aldi berean, guk esan genien hori posible izan zitekeela lehengoko gaztetxe formatuarekin, alegia, ekarpen bat egin beharko liokeela herriari, tarteka ekitaldi desberdinak antolatuz».

Honela, gazteekin bildu dira eta ekimena gustura hartu dutela kontatu du: «Beraiek ere faltan botatzen dute asteburuetan otorduak egiteko edo eguraldi txarra egiten duen egunetan babesean egoteko leku bat izatea. Ikasteko leku ere izan daiteke».

Gazteekin egindako bi bileretan lanak banatu dituzte, eta une honetan, gazteak elkartea sortzen ari dira, «diru laguntzak lortzeko baliagarria baitzaie talde bat izatea; zenbatek osatuko duten eta zein izen jarriko dien pentsatzen ari dira, ez baitakie Begi Gorri izena mantenduko duten edo ez». Izan ere, udalak dagoeneko leku posible bat duela jakinarazi du zinegotziak. Hori da, hain zuzen, udaletxearen ondoko aparkalekuan dagoen Begi Gorri gaztetxea.

Gaztetxea bueltan

1998. urtean ezerezetik sortu ziren udaletxe ondoko aparkalekua eta bere azpian udaletxearen erabilerarako sortutako aretoa. Areto berrian igarotako aurreneko urteetan mantendu zen hala nola Begi Gorriren jarduna.

Lokala erabilgarri dagoela dio Elustondok. «Lau metroko barra luze bat du, baita sukalde eta komunak ere». 2015. urtean udalak lokala eskuratu eta zenbait aldaketa egin zizkion, gainera; bozgoragailuak aldatu zituen eta musika instrumentuak konektatzeko gailuak jarri zituen.
Hala ere, lokalak segurtasun baldintzak betetzen dituen ziurtatu behar dute, eta horretarako. atzo, udaletxeko idazkariarekin eta arkitektoekin bildu ziren udal ordezkariak, «lokala zein baldintzen dagoen ikusteko». Errekerimendu legalak betetzeko zer beharko genuke ikusi behar genuen, zein den gaur egungo egoera eta zein den bere irisgarritasuna, besteak beste».

Prozesua abiatuta, hemendik aurrera lanean jarraituko dute, «ea gazteek herrian gauzak antolatzea lortzen dugun, eta honela, horretarako leku bat izanda, herrian bizi gehiago egotea lortuko genuke ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!