Aloña Erauskinen azken lana aurkeztuko du Berrobiko irakurle taldeak

Ataria 2025ko mar. 25a, 11:11

Gaur egingo dute aurkezpena, 19:00etan, Berrobiko udal liburutegian; bertan izango da liburuko protagonista, eta aurkezpenaren ostean hausnarketarako tartea izango dute.

Bizi bihotzak eztanda egin arte! izenburupean argitaratu zuen iazko azaroan lehen lana Aloña Erauskin berrobitarrak. Kardiopatia oinarri hartuta, bere bizitzaren inguruan aritzen da bertan. Liburua argitaratzearekin batera egin zuen aurkezpen nagusia bere jaioterrian, Berrobin, eta orain, herriko irakurle taldearekin egingo du bigarrena. Gaur izango da, 19:00etan, udal liburutegian. Bertan izango da Erauskin bera ere, eta hala, aurkezpenaren ostean, hausnarketarako tartea zabalduko dute.

SINOPSIA

1999ko martxoaren 24an nire amak bizitzeko oparia egin zidanetik, zezena aurrez aurre izan dut, nolabait zuk ulertzearren, sarritan sentitu naiz Tolosako zezen plazaren erdian biluzik, beldurtuta, urduri eta desafiatzaile. Etengabeko borroka bat izan da gaur arte bizi izan dudana, baina beti jakin dut egoera zailenen zergatia ulertzen, honen inguruan hausnartzen eta noski arrakastatsu ateratzen. Ezaugarri hauek dira gaur gaurkoz oraindik nigan dirautenak, zorionez ez ditut bidean galdu.

Halaber, 2022ko azaroaren 7aren aurretik askoz ezaugarri panpoxo gehiago zerrenda nitzakeen, besteak beste, gizarte honek superwomen moduan ezagutzera eramaten duen emakume garaiezina nintzen. Gaur nekatuta nago, hogei eta bost urte motz eta aldi berean luze hauetan bizitzako egoera muturrenak, garratzenak ezagutu ditudalako. Esango nuke normala dela zenbaitetan haserre, nazkatuta, triste zein deseroso sentitzea. Horregatik, emozio guztiak mahai gainera ateratzeagatik, ekin diot bide honi, pieza guztiak txukunduta, nortasun garaiezin eta batez ere garden bat erakitzekotan.

Hori naiz ni, Aloña Erauskin Mendizabal (@aloederr) sortzetiko kardiopatia bat duen emakume gaztea. Irrikitan nago bizipen honi hasiera emateko, nigatik, niretzat eta zergatik ez, nire egoera berdinean haurtzerotik gaixotasunen bat pairatzen duen edonori laguntzekotan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!