ELKARRIZKETA

«Orain ari naiz benetan jabetzen noraino ari den liburua iristen»

Leyre Carrasco 2024ko aza. 21a, 17:00

Bere bizitza 'Bizi bihotzak eztanda egin arte!' liburuan jaso du berrobitarrak; Aloederri esker gaixotasuna hobeto ulertu ahal izan du, eta liburua idaztea terapia baten modukoa izan dela kontatu du; abenduaren 5etik 8ra ospatuko den 59. Durangoko Azokan izango da.

Askorentzat Aloeder, baina gutxik dakite nor den Aloña Erauskin (Berrobi, 1999). Oraingoan, guztiz biluztu da argitaratu berri duen Bizi bihotzak eztanda egin arte! liburuan. Kardiopatia oinarri hartuta, bere bizitzaren inguruan aritu da berrobitarra. Terapia egiteko modua izan dela dio, «etapa asko» itxi baititu.

Zer moduz zaude. Nola igaro dituzu azken hilabeteak?

Askotan min fisikorik ez badugu ondo gaudela esaten dugu, baina beti eman izan diot garrantzia mentalki nola nagoen ere. Azaroaren 7an, takikardia izan nuenean, gainbehera bat egon zen, eta geroztik, fisikoki okerrago nago. Esaterako, Ernioko igandeak ezagutu ditut, baina aurrekoan amarekin Alegian utzi beharra izan nuen kotxea eta ezin izan nuen Tolosaraino iritsi. Beraz, okerragotze bat egon da, eta oso baldintzatuta nago bihotzari eta birikei dagokionez. Baina, fisikoki gaizki egonagatik, mentalki hobeto nagoela esango nuke. Gizarteak inposatzen digun gurpilean jaio, ume, nerabe, bikote, ezkondu, umeak izan, hil egotetik, nirea eraikitzera pasa naiz, ni naizelako nire buruaren jabe, eta ez bakarrik lanean, ez dut presio sozialik ere. Beraz, mentalki oso ondo nagoela esan dezaket, gauzak oso garbi ditut eta Aloederri esker nire gaixotasuna nik neuk hobeto ulertu, besarkatu eta errekonozitu dut, baita inguruak ere.

Urtebete honetan eduki sortzaile, kazetari eta idazle lanetan aritu zara. Gauza asko denbora gutxian, ezta?

Kazetari ez nuke esango nik ez dudalako kazetari izateko ikasketarik egin. Egia da kazetaritzako zenbait jarduera egiten ditudala podkastarekin, baina ez naiz profesionala. Hala ere, maitasunetik, enpatiatik eta gizarte hezkuntzatik egiten dut. Idazle bai, liburu bat idatzi dudalako, baina honetan ere ez naiz idazle profesionala. Nire liburuan akatsak daude, ez naizelako euskal filologoa. Ni euskaraz bizi naiz, euskara maite dut eta euskara asko kontsumitzen dut, baina nik ez dut honetarako ikasi. Ni ez naiz Arantxa Urretabizkaia, baina bai egon naiz plato batean Arantxa Urretabizkaiarekin batera nire liburuaren inguruan hitz egiten. Beraz, paralelismo hori egin nahiko nuke. Eduki sortzaile banaiz. Gaur egun uste dut badagoela eduki sortzaileen gradu bat, baina gure garaian ez zegoen, eta uste dut Euskal Herrira ez dela gradu hori iritsi. Hala ere, eduki sortzaile edonor izan daiteke, baina noski ez profesionala. Ni ez naiz honetaz bizi eta nik nahi dudana igotzen dut, baina beti txukun eta ulergarri egiten saiatzen naiz.

Nola iritsi zitzaizun liburu bat idazteko proposamena?

Biba Zuek saiora lehen aldiz joan nintzenean Maitane Ormazabal coach-ak elkarrizketatu ninduen. Horren ostean, berak liburu bat argitaratu zuen Zorrotz argitaletxearekin, Nerabeen garrasia izenpean, eta interesgarria iruditu zitzaidan podkasterako gai hori lantzea. Apirilean edo martxoan izan nintzen Maitanerekin eta nire ilusioa liburu bat idaztea zela komentatu nion. Berak Zorrotz argitaletxeari komentatuko ziola esan zidan eta hurrengo astean mahai gainean nuen proposamena. Abuztuan entregatu nuen liburua, hau da, sei hilabetetan idatzi dut.

Argi zenuen zer kontatu nahi zenuen?

Bai oso argi neukan. Egia da idazten zoazen heinean beti zerbait gehitzen edo kentzen duzula, baina gutxi gorabehera banekien nire gurasoak elkarrizketatu nahi nituela, baita nire senarra Xabi ere. Hasiera batean nire anaia libururako elkarrizketatu nahi nuen, baina aurretik podkasta grabatu nuen berarekin, izan ere, nire anaiari bere tokia eman nahi nion podkastean, jendeak arpegia jartzea nahi nuen, ikus entzunezkoak ematen digun altxor hori egin nahi nuen berarekin. Beraz, liburuan nire gurasoen eta nire senarraren elkarrizketak daude, baita nire bizipenak ere.

Zer eman dizu liburu honek?

Liburua urte honetan idatzi beharrak izugarri eman dit. Madrilera joan naizen guztietan sortu zaizkidan sentimendu guztiak mugikorreko oharretan idatzi ditut eta etxera iristerakoan zeregin bat izaten nuen; jasotako ohar guzti horiek liburura pasatzea. Niretzako sekulako terapia izan da.

Erraza egin zaizu bizitako guztia liburu batean sartzea?

Bai, euskaraz idaztea asko gustatzen zaidalako eta, horregatik, erraz idatzi dut. Terapia eta buru osasunari garrantzi handia eman diot eta beti ematen diot, eta hau horretarako tresna eta baliabidea izan da. Erraz eta gustura egin dut.

Zein da idaztea gehien kostatu zaizun atala/pasartea?

Bi urte luze hauen inguruan idazteaz gain, haurtzaro eta nerabezaroan ere jarri dut begirada. Gaixotasun batekin jaiotzen garenoi bizitza latza egokitu zaigu eta horretaz konturatzea eta trauma guztiei izena jartzea sekulako terapia izan da. Baina, dudarik gabe zailena gurasoen eta bikotekidearen testigantza idaztea izan da. Gauza bat da norberak bere barrura begiratu eta hau dena askatzea. Bestea, berriz, oso desberdina da, hau da, galdera egokiak prestatu eta testuinguru goxo batean honen inguruan hitz egitea, gaizki ulerturik egon gabe eta inor mindu gabe. Bihotzetik egin dugun zerbait da, gure egoera antzekoan dauden familiei laguntzeko asmotan. Espero dugu ongi egin izana eta zuen bihotzetara iristea. Liburua Estatu Batuetara iritsi da. Orain ari naiz benetan jabetzen noraino ari den iristen. Etxeko sofan idazten ari nintzen bitartean ez nintzen horretaz jabetu, nire familiak bakarrik irakurriko zuela uste nuelako, baina ez da horela izan. Orain ari naiz lantzen eta ikasten Aloña eta Aloeder, biak pertsona berdinak direla.

Orain arte desberdin bereizten zenituen?

Aurkezpenean esan nuen bezala, iruditzen zait ni ez naizen pertsonaia publiko bat sortu dudala. Azaltzeko zaila da, baina hori orain ari naiz lantzen. Nire psikologoak esaten dit hori normalean gertatzen den gauza bat dela, adibidez, aktoreen artean askotan gertatzen den gauza bat da. Aloña eta Aloeder ez direla pertsona berdina iruditzen zait, nik, Aloña, Aloederri idaztea oso arraroa egin zait, hori ere ni naizelako. Baina eskertze moduan idatzi diot, zer irakatsi didan, zer eman didan edota zer kendu didan eskertzeko.

Elkarrizketa hasi aurretik liburua irakurri duzula esan didazu, baina nork irakurri du Aloñak edo Aloederrek?

Aloñak, negar egin nuelako, eta hori ez zait gustatzen, Aloederrekin sortu dudan figura indartsua delako, denarekin ahal duena, borroka bide bakarra dela uste duena, eta Aloña da txiki txikitatik hau dena bizitu duena. Aloeder aurreko urtean sortu zen, baina Aloña duela 25 urte. Beraz, liburu honetan jasotzen diren bizipenak azalean bizi dituena Aloña izan da. Beraz, Aloñak idatzi eta irakurri duela esango nuke, baina irakurleen iritziak Aloederrek irakurri ditu, Biba Zuek saiora joan dena Aloeder izan da eta Durangoko azokara joango dena Aloeder izango da.

Eta zein dago orain hemen?

Aloeder dago. Kuriosoa da... Liburuaren azaleko argazkiari begiratuta beste pertsona bat agertzen dela esaten didazu eta sinistu egingo dizut, Aloñak ez baitu inoiz bere bihotza besarkatu, baina Aloederrek bai ordea.

Zure testigantzez gain, gurasoena eta zure senarra den Xabirena ere sartu duzu. Zer dira zuretzako?

Nere gurasoekin gauza pila bat ikusi eta ikasi ditut; iruditzen zait inork bizi honetara etorri beharko balu guraso izatera horiek nireak direla. Noski guraso guztiek dute meritua. Gurasotasuna ez da erraza eta niretzako denak dira miresgarriak, baina haurra gaixotasun batekin jaiotzen zaizkien guraso horiek planeta batekoak direla iruditzen zait eta beraiek dira benetako influencerrak. Nire ereduak, esaterako, nire gurasoak, anaia eta senarra dira. Pila bat ikasi dut beraiekin, baita desikasi ere, baina nire sostengua dira.

Gehiago kontatuko dizut. Aloederrek hau ez du kontatu, baina liburua atera nuen unean, arazo pertsonal bat dela eta, oso gaizki egon naiz, ilun eta itzalita, baina Aloeder maskara jarri eta aurrera egin dut. Orduan konturatu nintzen zoriontsu izateko nire familia behar dudala. Gauza toxikoa dirudi baina nire gurasoak, anaia eta senarra behar ditut zoriontsu izateko, beraiek gabe Aloña eta Aloederren borrokak ez baitu ezertarako balio.

Aloederren tributxoak ere lagunduko zizun aurrera egiten, ezta?

Bai, baina nik nahi dudanera arte kontatzen dut, beraz, ezin diet gehiago eskatu. Hala ere, izugarrizko sarea dugu, izugarrizko akelarrea gara eta izugarri laguntzen diogu elkar. Nere kardiologoaren bulegoan nire bi koadro daude, eta gazte ugarik idatzi didate esanez koadrotxo hori begiratu eta aurrera egiteko txinparta ematen diela. Beraz, hezitzaile bezala sentitzea instituzio batekin bezala emango nukeena baino askoz gehiago ari naizela ematen izugarria da.

Hainbat irakurleren iritziak argitaratu dituzu sare sozialetan, eta horietako batek esan zuen liburu honek «bihotza azkartu» egin ziola. Zein sentsazio sortu dizu zuri emaitzak?

Pertsona hori nire amaginarreba da, hau da, Xabiren ama. 10 urte daramatzat familia beraiekin, eta noski lehen unetik bazekiten zer zegoen, baina bi urte hauetan Aloña asko aldatu da. Hala ere, bazekiten zerbait oker zegoela, bazekiten Madrilen hasita nengoela, baina jaio nintzen egunetik hasita gaur arteko guztia irakurtzeak bihotza azkartu egin zion. Horregatik uste dut ezagutzen nautenei begiak zabaldu dizkiela, denek baitzekiten zerbait bazegoela, baina nabaritzen ez zaidanez, ikuspegi hori ezabatzen hasi da liburu hau. Eta, bestetik, kardiopatia ikusgarri egiteko aukera ere eman dit liburu honek. Bertan, ezgaitasunaren inguruan hitz egiten dut, nire borrokaz, eta gaixotasun bat duen pertsona oro identifikatuta sentituko da horrekin eta lagungarri egingo zaio nora jo behar duen jakiteko.

Zure herrian, Berrobin aurkeztu zenuen liburua. Zer moduz joan zen ekitaldia?

Oso ondo eta puntu handi batean Aloederri esker, ahalbidetu egin zidalako maskara jartzea eta izugarrizko aurkezpena egitea. Maitanek [Ormazabal] elkarrizketatu ninduen eta Sua Enparantzak gitarrarekin kantu bat sortu zidan. Herritar ugari hurbildu ziren, baita nire familia ere. Ondoren, Lakarie kafetegian egin genuen merienda eta liburuak sinatu nituen. Dena bete zen eta izugarria izan zen.

Hala ere, Maitanek esandako esaldi batekin bukatu nahiko nuke galdera hau, orduan kendu bainuen Aloeder maskara: «Badakizu zer lortu duzun gaur? Lortu duzu jende askok bere hiletan lortzen duena, eta zuk hori bizirik bizitu duzu». Berak azaldu zidan ezkontza batean, esaterako, guk aukeratzen dugula nork nahi dugun joatea, baina aurkezpena irekia izan zenez, nahi duenak joateko aukera izan zuen eta udaletxea jendez gainezka zegoen. Hori, normalean, hileta batean bizitzen du pertsonak, baina nik hau bizirik sentitu dut, beraz une hori atzera begirada bat izan zen niretzako. Izan ere, azaroaren 7an hiltzeko zorian izan nintzen baina hortik bizi berri bat eraiki dut, hortik liburu hau atera dut eta hortik bizirik nagoela sentitzen dut.

Zer esango zenioke azaroaren 7ko Aloñari?

Asko duela bizitzeko eta askoz hobeto. Orain arte egin duen bezala jarraitzeko, poliki, hankak lurrean, disfrutatzen eta bihotzetik.

Non eskuratu daiteke liburua?

Elkarren edo beste edozein liburu dendan, baita Berrobiko Lakarie kafetegian, Tolosako Ederhomen, Zain Berri dendan, Benefit Parafarmazian, Kaiz loredendan, Itsaso Ugartemendia fisioterapia zentroan, Ibarrako Kiribil ileapaindegian, Asteasuko Aneli ileapaindegian eta Zizurkilgo Irrihortz klinikan, besteak beste.

Zerbait esan nahiko zenioke Zorrotz argitaletxeari?

Eskerrik asko amets hau egia bihurtzen laguntzeagatik. Eskerrik asko idazle ez izan arren aukera emateagatik. Izan ere, idazle izan beharra dago liburu bat idazteko? Kazetari izan beharra dago pertsona bati zer moduz dagoen galdetzeko? Ez, eta beraiek aukera hori eman didate, herri txikiko ale txikinari eta nire amak ezagutzen ez nauen momentuan. Oso erraza da Itziar Ituño bezalako pertsona famatu bati aukera ematea, baina Itziar Ituñori eman zaion bezala, Aloña Erauskini ere eman zaio, eta horrek egiten du Zorrotz handi.

Hemendik aurrera nolako Aloeder ikusiko dugu?

Bere momentu txarrekin baina saretuta eta indartsu jarraituko du. Orain arte oso erraz joan da hau guztia, eta Aloederrek orain arte eduki asko sortu du. Bi urte oso kaotiko izan dira eta orain 2025a hain txuri ikusten dut eta hain bakean, ez dakidala zer egingo dudan. Podkastarekin jarraituko dut, baina Aloñak zerbait bizitzen badu hori kontatuko dut. Adibidez, Aloñak behin kontatu zuen ezin zuela guraso izan, eta orain adopzioaren kontua buruan pixka bat ari zaio sartzen. Beraz, Aloñaren aldetik bere azalean zerbait bizitzen badu, hori guztia Aloederren kontatuko dut, jende askok bizitzen duen errealitate bat baita.

Aurrera begira, beste liburu bat idaztea gustatuko litzaizuke?

Liburu honek ikaragarri lagundu dit askatzeko eta ixteko. Honekin etapa batzuk itxi ditut, esaterako, ezgaitasuna, edota azaroaren 7ko depresio momentua. Aloeder identifikatu dut, eta gauza asko kontatu eta ikusgarri egin ditut. Ea bigarren liburu bat etorriko den? Ba agian bai, terapia izan baita niretzako. Niri idaztea asko gustatzen zait eta bideragarria dela ikusi dut. Niri Zorrotz argitaletxeak eman dit horretarako aukera. Beraz, bigarren liburu bat argitaratu beharko banuke elkarrizketa liburu bat egingo nuke. Izan ere, gizarte hezitzaile bezala, Aloederrek gizartean asko egin dezakeela uste dut.

Eta, amaitzeko, azken mezurik duzu?

Amesteko jaio ginela eta ametsak betetzeko daudela, baina egia da dena ez dela ona. Niri hegalak askotan moztu dizkidate, gaixotasuna daukagun pertsonen bizitza oso gogorra baita. Hala ere, bizitza honetara egokitzen eta momentu guztiei zukua ateratzen ikasten duzu. Beraz, bizi bihotzak eztanda egin arte!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!