Mugikorraren erabilera mugatua haur eta gaztetxoen artean osasuntsuagoa izango dela pentsatuta, Altxa Burua Berrobik ekimena abiatu du, Berrobiko Udalarekin elkarlanean. Honela, herriko lau eremutan panelak jarriko dituzte, gazteen artean gune horiek mugikorrik gabekoak direla adierazteko. Horiek dira, hain zuzen, udal liburutegia, mediku kontsulta, parkea eta eskolako patioa.
Teknologiak haur eta gazteen artean zuen eraginarekin kezkatuta, herriko guraso talde bat elkartu eta Altxa Burua Berrobi taldea sortu zuten duela urtebete. Bertan buru-belarri dabil lanean Larraitz Iraola herritarra, eta argi adierazi du «jolaserako lekuak jolasleku mantentzeko eta mugikorra erabiltzeko eremu ez bihurtzeko» dela dinamika honen asmoa.
Helduek ardura handia dutela uste du: «Txikiak uneoro imitatzen digute, eta gu eredu izanda errazagoa izango da beraientzat. Horregatik, lehenengo aldatu beharko genukeenak helduok gara eta etxean lan hori egiten ari garen arren, dinamika hau gizarteratzeko modu bat mugikorrik gabeko guneak jartzea da».
Hala ere, Berrobin, mugikorraren erabilera «kontrolatuta» dagoela dio Iraolak, eta horren erakusle da aurten zabaldu duten galdetegia. «LH3tik LH6ra bitarteko ikasleek bete zuten galdetegia eta hori erantzun duten 28 ikasleetatik 21ek hurrengo hilabeteetan mugikorra eskolara ez eramateko konpromisoa hartu dute». Iraolak esan du ez dela herrian gehiegi hitz egiten den gai bat, «baina herritarrak errespetatu egingo dute eta horrek asko esan nahi du».
Dinamika are gehiago zabaldu nahi dute eta, horretarako, eskualdeko zenbait herriekin saretu nahi dute. «Anoeta eta Lizartzako Altxa Burua taldekoekin bilerak egin genituen eta datorren astean Berastegiko taldearekin izango dugu. Bidania eta Albizturreko taldeekin ere biltzeko asmoa dugu», kontatu du.
BI FORMAKUNTZA
Herriko sare sozial eta kanaletan dinamikaren berri eman ostean, atzo, udaletxeko pleno aretoan aurkeztu zuten herritarron aurrean. Erantzuna ez zen taldeak espero zuena izan, baina lanean jarraitzeko indarra eman die, eta hala egingo dute hemendik aurrera. Esaterako, martxoaren 11n, asteartea, Maitane Ormazabal psikologo eta terapeutak LH5 eta LH6 zikloko ikasleei mugikorraren erabileraren inguruko formazio bat emango die eskolan. «Ormazabalek iaz ere formakuntza eman zuen eskolan eta balorazio oso positiboa izan zuen, horregatik, urtero bere formazio bat antolatzeko asmoa dugu», esan du.
Martxoaren 18an, asteartean, Miren Ros teknologien erabileran adituak emango du formakuntza, 17:00tan, udaleko pleno aretoan. Herritar guztientzako irekia egongo da eta formakuntzara joateko gonbita zabaldu du Iraolak. Apirilean, berriz, arnasguneko kartelak jarriko dituzte «kontzientziazio» moduan.