Atzo sorpresa polita jaso zenuen. Espero zenuen?
Ez, ez nuen espero. Nik lunch txiki bat egin nahi nuen herritarrentzako, eta etxekoei horretarako laguntza eskatu nien. Ez nuen uste hainbesteko sorpresa izango zanik, baina ilusio handia egin zidan. Egia da ez nengoela ondo, goizean gaizki esnatu nintzelako, mareatuta, eta justu-justu zabaldu nuen denda. Hasieran ez nuen denda irekitzeko asmorik, baina azkenean zabaltzeko indarra izan nuen. Bertaratu ziren herritar guztiak ere oso eskertuta ikusi nituen eta oso polita izan zen. Gainera, Udalaren eskutik lore sorta eta plaka bat jaso nuen, oso politak.
Larunbatean, gainera, zure urtebetetze eguna izan zen. Beraz, ospakizun bikoitza!
Bai, asteburu borobila izan da. Igandean herritar guztiekin ospatzeko aukera ere izan nuen, Zorionak zuri abestu zidatelako. Oso eskertuta nago.
Duela 50 urte baino gehiago zabaldu zuten denda zure gurasoek, eta zuk erreleboa hartu zenuen. Gogoan duzu lehen urtea?
22 urte nituela hasi nintzen dendan, baina lehen urteak ez ditut gogoan, denbora gehiegi igaro da eta buruak huts egiten du.
Zer eskaini dizu dendak?
Harreman ugari egin ditut, herritar zein inguruko herrietako jende askorekin hitz egiteko aukera izan dudalako. Bezero askok erosketak etxera eramateko laguntza behar bazuten, ni laguntzen saiatzen nintzen eta sortzen zen edozein arazo konpontzen saiatzen ginen. Jendea eskertuta ikusi dut, baita ni ere. Niretzako gauza txiki bat erosteak asko esaten du, izan ere, nik lanean jarraitzeko, saldu beharra daukat. Hori asko eskertzen dut eta beti eskertuko diet.
Denda txikia eta gertukoa izan da. Giroa ere ona izango zen, ezta?
Izan ditudan bezero guztiak gustura etorri dira. Eguneroko bezeroak izan ditut, bai herrikoak, baita kanpokoak ere. Astero, gainera, gaztetxoak ere etortzen ziren goxokiak erostera. Nik denda egunero zabaltzen nuen, baina pandemiaren ostean arratsaldeetan itxi egin behar izan nuen, lan gehiegi baitzen eta eguerdira arte zabaltzen hasi nintzen, 9:00etatik 15:00ak arte. Hala ere, ostiral arratsaldeetan zabalik izaten nuen, umeek goxokiak erosi zezaten. Denbora batean itxita mantendu nuen eta txintxo-txintxo aguantatu zuten. Ostiral arratsaldeetan berriro zabaltzen hasi nintzenean, pozik bueltatu ziren.
Oroitzapen politen bat duzu duzu gogoan?
Herritarrek pandemia garaian izan zuten portaera dut gogoan. Herritar askok bozgorailuak jarri zituzten balkoietan musika jartzeko, eta giro oso polita sortzen zen. Gainera, herriko haurrek ere marrazki albuma egin zidaten eta hori izugarria izan zen. Tartean, bezero xelebreak ere izan ditut. Esaterako, gizonezko bat etortzen zen astero eta txisteak kontatzen zizkidan. Hala ere, bezero guztiak ditut gogoan eta etorri diren guztiekin gustura egon naiz.
Hemendik aurrera zer gertatutako da Iturriza janari dendarekin?
Lokala, momentuz, itxita geratuko da. Hala ere, herrian beste denda bat zabaltzeko asmoa dute, okindegia zegoen lekuan.
Eta zuk zein asmo duzu?
Ez dut ezer pentsatu. Zereginik ez dut, baina zerbait egin nahiko nuke bestela utzi egingo naiz. Hemendik aurrera arraroa izango da dendara ez etortzea, baina lan karga gehiegi zen eta burua ere lasai eduki beharra dut. Honaino iritsi naiz eta pozik nago.
Azken mezurik duzu?
Asko eskertzen diet etorri diren eta hemen ibili diren guztiei, dudarik gabe. Atzo oso egun polita izan zen eta oso pozik geratu nintzen gerturatu ziren guztiekin. Pena izan zen jende askok ezin izan zuelako etorri, baina berdin eskertu nahi diet.